Mailaz igotzeko azken izerdiak botako dituzte Ingou Coinbroker Aloña taldekoek

Amaia Txintxurreta Guridi 2022ko mai. 5a, 11:56

Aurreko asteburuko partiduan, Eskoriatzako taldearen aurkako lehian.

Areto futboleko Ingou Coinbroker Aloña taldeak jardunaldiko azken partidua du asteburuan etxean, Lasarteko taldearen aurka. Sailkapenean hirugarren postuan daude oñatiarrak, bigarrenarengandik puntu bakarrera, eta igoera fasea jokatuko dute gero.

Denboraldiko azken jardunaldia jokatuko du Ingou Coinbroker Aloña taldeak zapatuan Zubikoa kiroldegiko kantxa urdinean, 20:00etan. Oñatiarrak denboraldi "oso ona" egiten ari dira, hirugarren daude sailkapenean, bigarrenarengandik puntu bakarrera, eta pozik daude egiten ari diren lanarekin: "Pandemia garaian lortu genuen Gipuzkoako bigarren mailara igoera, eta kontuan hartuta aurtengo denboraldia dela maila honetan jokatzen ari garen lehena, denboraldi oso-oso ona egiten ari gara. 20 eta 29 urte arteko jokalariak dauzkagu eta ez dugu lesio larririk izan. Taldea topera dabil, oso motibatuta, eta giro horrek ere laguntzen du", adierazi du Aloña Mendi taldeko areto futboleko saileko presidente Santi Bernalek.

Azken partiduak

Joan den asteburuan Eskoriatzakoen aurka lehiatu ziren eta azken momentuan lortu zuten txantxikuarrek berdinketa (2-2). Oraingoan, Lasarteko Eguzki Ventanas Isu Leihoak taldea izango dute aurkari –sailkapenean hamaikagarren doaz–, eta irabazteko helburuarekin irtengo direla kantxara azaldu du Bernalek: "Joaneko partiduan 3-4 irabaztea lortu genuen euren kontra, nahiko justu, eta lehiatua egon zen partidu hura. Oraingoan, gu irabaztera joango gara; gainera, eurek ez dute lehian ez igoerarik ez jaitsierarik, eta guri komeni zaigu ahalik eta goien gelditzea sailkapenean: ahal dela, bigarren, edo, bestela, hirugarren. Gure egitekoa irabaztea izango da, baina beste talde batzuek egiten dutenak ere izango du eragina guregan".

Igoera fasea

Asteburuko azken jardunaldiaren ostean jokatuko da igoera fasea. Lehenengo gelditzen diren lau taldeek jokatuko dute: lehenengoak laugarrena izango du etsai eta bigarrenak hirugarrena. Joaneko eta etorriko partiduak egingo dituzte eta final handia maiatzaren 28an izango da, Andoainen.

Bi finalistak zuzenean igoko dira mailaz eta lehenengoa izango da Gipuzkoako bigarren mailako ligako txapelduna. Momentu honetan hauek dira sailkapeneko lehen lau taldeak: Lazkao 57 punturekin lehenengo, bigarren Tolosa 51rekin, Aloñakoak hirugarren 50 punturekin eta laugarren Azkoitia 47rekin.

Zapatuko partiduaz gain, igoera faseko beste bat ere jokatuko dute etxean, eta Bernalek animatzera joaten diren zaleak eskertu nahi izan ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak