Peru Etxegarai eta Asier Igartua nagusi Olabarrietako jaietako pilota txapelketan

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko mai. 1a, 16:19

Giro bikainean doaz Olabarrietako jaiak. Bi urtean batere gabe egon ostean gogotsu dabiltza antolatzaileak eta baita ere bertaratu diren herritarrak. Azken jai eguna dute. Eguerdian euskal dantzak eta pilota partidak izan dituzte.

Eguraldi ederra lagun giro polita zegoen gaur Olabarrieta auzunean. Makinatxo bat jende zegoen neska-mutikoen dantzak ikusten eta beste taldetxo bat elizpeko frontoian txapelketako finala jarraitzen. Aurreko egunetan ere jendea ibili dela azaldu du jai batzordeko kide Mikel Lizarraldek. "Jendea gogotsu zegoen eta sumatu egin da. Atzo gauean ere jendea ibili zen hemen", azaldu du.

Gaur eguerdian lanean aritu direnen artean zen Hide Dohino auzotar japoniarra. Eguerdiko luntxa banatzen ibili da, besteak beste. Bertsoak gustuko ditu eta hiru bertso bota zizkion atzo Sebastian Lizaso handiari. Hurrengo urtean bertsolari ofizial moduan nahi dutela esan diote auzotarrek. "Ez dakit ba nik!", erantzun du irribarretsu. "Prestatu beharko dut gehiago".

Dantzak eta pilota

Neska-mutikoen dantza saioa izan da eguerdian elkartearen aurreko belardian. Hainbat euskal dantza eskaini dituzte eta saria ere jaso dute ondoren; hamaiketako ederra nahiz eta hamaikak pasata egon.

Apur bat beherako, elizpeko frontoian pilota txapelketako finala egon da jokoan. Gazteenak aritu dira lehenengo eta Asier Igartua eta Peru Etxegarai nagusitu dira helduen finalean. Sari eta guzti itzuli dira etxera; urdaiazpiko eder bat, gazta bat eta txakolin botila bi. Ikuskizun polita eskaini dute hiru hormako elizpeko frontoian.

Arratsaldean mus txapelketa dute Olabarrieta auzoan. Txapel parea prest zegoen irabazleei emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak