Eguraldi iragarpenek hainbat buruhauste sortu dituzten arren, egunak argitzearekin batera uxatu dira zalantzak. Giro fresko eta eguzkitsua, domeka paregabea izan da mendiaz gozatzeko, bai lasterkarientzat, eta baita ibilbidea mukuru bete duten zaletuentzat ere.
Hala, ia 300 lasterkari abiatu dira goizeko 9:00etan Foruen Enparantzatik San Juan auzoan gora. 22,6 kilometroko ibilbideak bi izen propio utzi ditu besteen gainetik: Walter Becerra sestaoarra eta Malen Osa oñatiarra. Hasi eta buka, lehen postuetan ibili dira biak; gogotik izerditu behar izan dute, baina, txapela etxera eramateko.
Bitik bi
Joan zen astean Lugon junior mailako Espainiako Txapelketa irabazi ostean, lehen metroetatik erakutsi du Malen Osa oñatiarrak sasoiko heldu dela etxeko zitara. Pasa den urtean podiumean lagun izan zituen Azkorbebeitia eta Uribarri irteera puntuan izan ez diren arren, Aloñarako maldetan argi gelditu da Lide Urrestarazu ordiziarra oñatiarra baino askoz gutxiago ez zela. Hala, sei segundo eskas zeuden bien artean Gorgomendin. Ordurako, bi minutu atzetik zituzten Zabala arrasatearra eta Aragon durangarra.
Aloña eta Arriurdin arteko mendi-lerro tekniko eta malkartsuan hautsi du lasterketa Osak. Eskistarako, sei segundoko tartea bi minutu pasara handitu du, eta abantaila berarekin heldu da helmugara. Lehen bi sailkatuetatik urrun, baina podiumerako borroka polita izan dute Zabalak eta Aragonek ere. Parean ibili dira lasterketa osoan, baita batera une askotan ere, eta Agiñatik behera, jaitsieraren azken kilometroetan lortu du arrasatearrak azkenerako erabakigarri izan den 20 segundoko tartea.
- Malen Osa Ansa (Oñati) - 2:33:09
- Lide Urrestarazu Agirre (Ordizia) - 2:35:34
- Ane Zabala Bruña (Arrasate) - 2:44:24
- Larraitz Aragon Irusquieta (Durango) - 2:44:45
- Saioa Arconada Perez (Oñati) - 2:47:45
Hona sailkapen osoa.
Seigarrena
Gizonezkoen lasterketari dagokionez, Aloñako Igoeraren palmaresean seigarren aldiz idatzi du bere izena Walter Becerra mendi korrikalari sestaoarrak. Aitor Ajuria iazko irabazlea faltan, lasterketa irekia espero zen, eta hala izan da. Becerrak berak eta Iñigo Alzola arrasatearrak ziztu batean egin dituzte Aloñara artekoak (50:36), baina lehenak erritmoari eutsi dion bitartean, bigarrenak behera egin du nabarmen –21. helmugan–. Atzetik baina, ez zeuden amore emateko.
Jokin eta Beñat Etxabe bergararrak, Lete oñatiarra, Artola, Katarain, Zunzunegi... zortzi laguneko taldetxo bat borroka bizian ibili da lasterketa osoan zehar; Becerratik gertu, baina harrapatu ezinik. Tarteak ez ziren handiak, eta indarrak ondoen kudeatu dituztenek lagundu diote podiumean sestaoarrari: Oier Elorza azkoitiarrak eta Irazu Aranburu mallabiarrak. Atzetik aurrera nabarmen egin du lehenak, eta Artzanburun atzeko taldetxoari ateratako tartea aprobetxatu du bigarrenak hirugarren izateko. Gertu izan arren, podiumaren borrokan aritu diren hiru debagoiendarrak ohorezko postuekin konformatu behar izan dute; bosgarren izan da Jokin Etxabe, haren atzetik helmugaratu da Xabi Lete, eta bederatzigarren izan da, azkenerako, Beñat Etxabe.
- Walter Becerra Paez (Sestao) - 2:06:55
- Oier Elorza Abaunz (Azkoitia) - 2:08:16
- Irazu Aranburu Antxia (Mallabia) - 2:10:25
- Anartz Artola Arin (Hernani) - 2:10:55
- Jokin Etxabe Leturia (Bergara) - 2:11:10
Hona sailkapen osoa.
Antolakuntzaren mezua
Behin lasterketa amaituta, antolakuntzak ohar bat bidali dio Goienari atzo arratsaldean "ibilbidean sabotajea" egon zela adieraziz; herritarren abisuei esker, baina, lasterketa behar bezala egin ahal izan da azkenean. Hona mezu osoa:
"Aloñako Igoerako Antolakuntza Taldeak mezu labur honen bidez jakinarazi nahi du ibilbidearen sabotajea jasan dugula edizio honetan. Ibilbideko hiru puntutan markajea aldatu eta okerreko bidetik bideratu dute, baita, zati batzuetan hauek kendu ere.
Zorionez askotan esaten dugun moduan jende askok egiten du posible lasterketa hau eta herritar ezberdinen abisuei esker garaiz ohartu gara eta lasterketa behar bezala burutzea lortu dugu.
Ulertzen dugu horrelako ekitaldiak ez izatea denen gustukoak, baina, ez dugu bat egiten horrelako ekintzekin inondik inora ere. Atsekabez hartu dugu berri hau, baina, gu onenakin gelditzen gera.
Eskerrik asko guztioi aurten ere lasterketa posible egiteagatik."
Laburpen osoa, Harmailatik saioan
Bihar, astelehena, Harmailatik saioan erreportaje zabala eskainiko da gaurko lasterketaren inguruan. Irteerako eta helmugako irudiak, mendi-lerroko hainbat une, protagonisten adierazpenak... Maiatzaren 2an, astelehena, 21:30ean Goiena Telebistan. Ez galdu!