"Ilusioz" prestatu dituzte gaur Bilboko Enkarnazio elizan eta bihar, zapatua, Arantzazuko Santutegian egingo dituzten emanaldiak. "Koru handi edo jendetsu baten beharra ikusten genuen eta Bergarako Orfeoiarekin batera egitea adostu ge- nuen. Esperientzia polita ari da izaten elkarlan hori, jarraikortasuna izatea nahiko genuke eta urtean behin, behintzat, halako ikuskizun bat prestatzeko asmoa dugu aurrerantzean", azaldu du Aitor Bianek.
Naturarekin lotutakoak
Musika klasikoan naturari buruz idatzitako piezak eskainiko dituztela kontatu du oñatiarrak: "Denetarikoak aukeratu ditugu: Handelen Música acuática-rekin zabalduko dugu errepertorioa, eta segidan etorriko dira Bachen Concierto de Brandenburgo, Beethovenen Seigarren pastoralaren sinfonia, Griegen Peer Gynt-La mañana suitea, eta Mozarten bi pieza handirekin borobilduko dugu zerrenda".
Instrumentala eta kantuan
Bilbon eta Arantzazun eskainiko dituzten emanaldiek egi- tura bera izango dute. "Kontzertuak bi zati izango ditu: lehenengo zatia instrumentala izango da; hau da, orkestra sinfonikoak bakarrik jardungo du. Bigarrenean, berriz, abesbatzak gehituko zaizkio orkestrari, eta Mozarten Sparrow mass meza eta Ave verum izenekoak eskainiko dituzte elkarrekin. 100 lagun inguru izango dira taularen gainean batera, eta horien artean lau bakarlari izango dira, laurak Bergarako Orfeoikoak: "Nere Ibarra, Ainara Uribesalgo, Aitor Garitano eta Karloz Etxaniz".