Oñati Abesbatzak, pandemia hasi zenetik herrian bertan eskainiko duen lehen emanaldia egingo du domekan, maiatzaren 1ean. Bidaurretako elizan eskainiko du kontzertua, Eibarko Sostoa abesbatzarekin batera.
2022a Aita Madinaren heriotzaren 50. urteurrena da, eta testuinguru horretan, gainera, bi abesbatzek Aita Madinaren Tantum ergo kantuaren estreinaldia egingo dute –Europa mailako estreinaldia izango dela aurreratu dute–. Kantu horrez gain, emanaldi sakroan beste hamaika ere eskainiko dituzte bi abesbatzek, Mirengu Plazaolaren zuzendaritzapean.
Oñatiarrak apirilean izan ziren Eibarren kontzertua eskaintzen, eta orain, herrian egingo dute. "Eibarkoa polito irten zen eta gogoz gaude ziklo hau Oñatin bukatzeko. Izan ere, pandemia hasi zenetik herrian emango dugun lehen kontzertua izango da domekakoa", adierazi du zuzendariak.