Pandemiak eragindako azken bi urteetako etenaren ostean, badator Torreauzoko krosaren 23. aldia. Uztailaren 3an egingo da, 10:30ean hasita.
Balio integratzailea
2016an ekin zion Abixaran taldeak Torreauzoko krosa antolatzeari, Antxintxiketan Kirol Elkartearen lekukoa hartuta. Lasterketaren bi helburu zehaztu zituzten orduan: hasieratik izan duen izaera herrikoiari eustea eta bereziki emakumeen partaidetza sustatzea. Horrez gain, kirolaren "balio integra- tzailea" ere aldarrikatzen dute. "2018an, aniztasun funtzionala duen herriko Urdin Mendiolaren partaidetza izan genuen, Arabako Montes Solidarios taldearen laguntzarekin, eta 2019an, orain arteko azken lasterketan, aulki elektrikoaren laguntzaz baliatzen den Joseba Azkarate gonbidatu genuen. Bestalde, lan istripu batean hanka galdu zuen beste herritar batek patin baten laguntzaz lasterka egiten hasi dela-eta gurean parte hartzeko aukerarik izango ote lukeen galdetu digu; noski, baiezkoa eman diogu. Zailtasunen gainetik kirola guztiontzat onuragarria dela bistaratzeko ahaleginean jarraitu nahi dugu", azaldu du Abixaraneko Miren Urkiolak. Gaineratu du mugikortasun arazoak dituen beste norbaitek parte hartu nahi badu, jasone_ elorza@yahoo.es helbidera idatzi behar duela. Hala, arautegia haiei ere moldatzeko.
Boluntarioak eta babesleak
Lasterketa antolatzen abendu-urtarril inguruan hasi ziren eta alboan duten boluntario taldea, babesleak eta laguntzaileak eskertu nahi izan dituzte. Herriko ostalarien eta merkatarien bitartez lortutako sariak ere zozketatu izan dituzte: "Osasun pandemiak merkataritza eta ostalaritza bereziki kolpatu dituela jakinik, aurten ez dugu sari eske joateko asmorik, nahiz eta zenbaitek babesa adierazi diguten eta eskainitako opari horiek eta antolakuntzak bere aldetik erosiko dituen beste batzuk banatuko diren lasterketa amaieran".
Izen-ematea, Internetez
Aurten, Herrikrosa.eus webgunearen bitartez eman beharko da izena, eta "arin" dabiltzanak saritu nahi dituzte. Izan ere, uztailaren 1eko 22:00ak arte izena ematen dutenek 8 euro ordaindu beharko dituzte. Eta ordutik uztailaren 3ko goizeko bederatziak arte apuntatzen direnek, berriz, 15. Aurten, laster- keta hasi aurretik, bertan ezin izango da izenik eman.