2020koa bertan behera utzi eta 2021eko edizioa urrian egin ostean, Aloñako Igoerak ohiko datak berreskuratu, eta oraingo domekan egingo dute lasterketa. Nabarmentzekoa da iazko onenak irteera puntuan izango direla; hain zuzen, duela aste gutxi Arrasate-Udalatx proban ere aurrealdekoen borrokan ibili ziren Aitor Ajuria gatzagarra eta Malen Osa oñatiarra –Osa Espainiako txapeldun izan berri da junior mailan–. Eurekin batera, baina, maila oso oneko atletak batuko dira irteera puntuan: Nerea Amilibia, Beñat eta Jokin Etxabe anaia bergararrak, Axier Alonso, Xabi Lete eta Saioa Arkonada oñatiarrak, Iñigo Alzola eta Ane zabala arrasatearrak, Aitor Ugarte aramaioarra… Horiek guztiak ere ibiliko dira nor baino nor gehiago domekan. Azkarrenek hirurehun euroko saria eskuratuko dute, baina, urtero bezala, bestelako hainbat sari ere egongo dira.
300 lasterkari, guztira
Urtero moduan, izen-ematea bete egin dute lasterkariek; hala, 300 lagunek hartuko dute esku lasterketan. "Datuei errepasoa eginda, 275 gizonezko eta 25 emakumezko egongo dira lasterketan. Oñatiarrak 63 izango dira –tartean, hamaika izango dira emakumezkoak–, eta, Debagoieneko herrien errepasoa egiten badugu, 27 lagun etorriko dira Arrasatetik, Bergaratik 20 etorriko dira, Aretxabaletatik 13, Aramaiotik hiru lagun etorriko dira eta Eskoriatzatik eta Antzuolatik bana", adierazi zuten antolatzaileek martitzeneko aurkezpen ekitaldian.
Lasterketan 100 boluntario inguru ibiliko dira lanean. Gurutze Gorriak ibilbide osoan izango du presentzia, eta suhiltzaile boluntarioen talde bat ere egongo da Buetraitz inguruko tontorretan; hain zuzen, azken horiek emandako aginduak bai ala bai bete beharko dituzte parte-hartzaileek.