Maiatzaren 1etik aurrera Yula Krekoten (Horenka, Ukraina, 2001) eta haren ama Tania, izango dira Pake Lekuko tabernan lanean arituko direnak. Egungo arduradunek lan hori uztekoak zirela jakinda, deialdia egin zuen Pake Lekuko zuzendaritzak arduradun berria topatzeko, eta Yula gaztea izan da aukeratua.
Ama eta biak jardungo dute tabernan lanean. Pozik daude biak proiektu honekin: "Amarendako ere sekulako aukera da, burua okupatuta izango du batetik, lana ere bada eta Oñati ezagutzeko modua ere izango da berarendako. Oso pozik gaude", dio gazteak. Etapa berrirako ideia asko dituela ere gaineratu du: gosaritarako bizkotxoa egin, pintxo berriak eskaini eta kanpora eramateko patata-tortillak egiten jarraitu eta eskaintza zabaldu ahal dela, besteak beste. Gazteak ere gonbidatu gura ditu tabernara, "herritar guztiendako moduko taberna" izatea gura du berak.
Yula Krekoten sei urte zituela etorri zen lehenbiziko aldiz Oñatira uda pasatzera eta harrez gero harreman estua izan du herriarekin eta hemengo familiarekin. Hamalau urte zituenean bertan gelditu zen ikasketak egiteko; ostalaritzako ikasketa ditu eginak. Duela hilabete batzuk ama eta anaiarekin etorri zen Oñatiko familiaren etxera gerratik ihesi.