Oñatin kokatuta dagoen Autlan EMD enpresan –garai bateko Cegasa– manganesoarekin eta azido sulfurikoarekin lanean aritu dira azken hamarkadetan. Hala adierazi du, bederen, LAB sindikatuak. Ohar bidez adierazi dutenez, "bi substantzia toxiko horiek nabarmen gainditzen dituzte baimendutako gehieneko estandarrak". Hala, eta neurri prebentibo gisa kimikoen aurkako maskarak ezarri zituzten arren, 2017az geroztik 34 pertsona aritu omen dira lanean "substantzia toxiko hauen eraginpean", eta azken urtean 5 langileri arnasbideetako patologien lan-jatorria "aitortu" zaie.
Neurri prebentiboen falta, "berariazko" osasun zaintzarik eza eta aipatutako 5 langileen aurrean hartuko dituzten babes neurrien esperoan, elkarretaratzea deitu du LAB sindikatuak. Apirilaren 28an egingo da –Lan Osasunaren Nazioarteko eguna–, 13:30etan Autlaneko Oñatiko egoitzaren parean.
Sei eskaera
Enpresako zuzendaritzari sei eskaera egingo dizkio sindikatuak mobilizazio honen bitartez: arrisku-maila murrizteko neurri kolektiboak hartzea, babes gabe lana egin zuten langile guztiei proba medikuak egitea, egungo neurrien segurtasuna ikertzea, kimikoen aurkako maskarek sortutako baldintza berriak aztertzea, gaixo dauden langileek lanpostuen egokitzapena egitea, eta langile hauei irteera pizgarriak ematea.