Hamabi abesbatzak parte hartu zuten Ejea de los Caballeroseko lehiaketan, bi kategoriatan banatuta: haurren abesbatzak eta helduenak. Azken horretakoak dira Hots Abesbatzaren sariak: hirugarrena (trofeoa eta 1.000 euro) eta entzuleena (1.000 euro). Oñatiko taldea izan zen aretoan egondako entzuleen partetik boto gehien jaso zituena.
Eta, hori guztia lortzeko, "errepertorio ikusgarria, exijentzia maila handikoa eta kalitatezkoa" prestatu zuten: David Azurzaren Alpargatas blancas, Josu Elberdinen Introducción y jota; eta Jackson Berkeyren Ascendit deus, a capella; eta Zane Randall Strooperen Dies irae, pianoarekin.
Epaimahaian, sei kide
Epaimahaia sei kidek osatu zuten. Horien artean zegoen, lehiaketan derrigorrezkoa zen obraren egilea, David Azurza tolosarra.
Horien hitzetan abesbatza guztiek "sariak lortzeko moduko puntuazioak" lortu zituzten, Zaragozako lehiaketaren maila nolako den erakutsiz.