Gaur goizean aurkeztu du Euskal Herriko Bilgune Feministak 2022ko Topagune Feminista. 20 urtez paradisuak erretzen... eztandak dardara gaitzala lelopean, Oñatin egingo da aurtengo topagunea, ekainaren 11n eta 12an.
Sare sozialetan jakitera eman dutenez, "ospatzeko, elkartzeko, ikasteko, dastatzeko, dantzatzeko, jaso eta emateko" elkartuko dira Euskal Herriko txoko ezberdinetako "kide feministak". Ekainean zehar topagunearen aurkezpena egingo dute bederatzi herritan, "sarea elkartu eta indarrak batzeko". Arrasaten egingo da horietako bat maiatzaren 7an (Irati Topalekuan).
Egitarau zabala
"Egun ezinbestekoak diren hainbat gai landu eta Euskal Herriko eragile ezberdinekin batera ekiteko", egitarau zabala antolatu dute topaketarako. Tailerrak, hitzaldiak, mahai-inguruak eta kontzertuak dira programaren oinarri, baina egongo da beste hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera ere. Plazako pilotalekua izango da topagunearen epizentroa, eta bertan egingo dira, besteak beste, zapatuko ekitaldi nagusia zein osteko kontzertuak.
Sarrerak salgai
Topagune Feministara joateko sarrerak salgai daude jada labur.eus/TopaguneFeminista estekan zein Euskal Herriko hainbat txokotan; tartean, Oñatiko Arrano Tabernan. 40 euroren truke eskuratu liteke sarrera arrunta, baina badago prezio merkeagoa ere (35 euro); baita 5 euroren truke "furgoparkingean" plaza gordetzeko bonua ere.
20 urte
Aurtengo urtea, gainera, berezia da Euskal Herriko Bilgune Feministarentzat. Izan ere, 2022ko apirilaren 20an 20 urte bete zituen eragileak. Urteurrena aitzaki, Ginger talde zarauztarrak egindako 'Paradisuak sutan' abestia aurkeztu zuten joan zen eguaztenean.