Heldu da denboraldi amaierara herriko futbol txapelketa. Zapatuan, apirilaren 23an, jokatuko dituzte finalak, Azkoagainen. Ohikoa den moduan, kopakoa lehenengo eta ligakoa segidan. Bigarrena bukatutakoan egingo dute urteroko sari banaketa.
Sari banaketa
Urrian hasi zuten herriko hamar taldek aurtengo denboraldia, eta hurrengo astean amaituko dute. Albok eta Tutelatraku taldeek lehiatuko dute aurtengo kopa, eta ligako finala, berriz, Macedoniak eta Iturritxok jokatuko dute; 15:30ean hasiko da lehen partidua eta 17:00etan bigarrena. Azkoagainen izango dira finaleko partidu biak eta ondoren egingo dute sari banaketa. Talde irabazleak ez ezik, denboraldiko golegile eta atezain onenak ere sarituko dituzte, besteak beste. Aurten ere, herriko hainbat komertzio eta negoziok emandako diru-sari edo produktuak emango dituzte sari banaketa horretan eta guztiei eskerrak eman gura dizkie zuzendaritza taldeak lerro hauen bitartez.
Denek elkarren aurka jokatu beharrean, bi taldetan banatu dute lehen fasea eta bakoitzeko hiru onenek jokatu dute, bigarrenean, ligako finala, eta kopakoa beste laurek. Horrela antolatu dute aurtengo denboraldia, eta hilaren 23ko finale- tako partiduak jokatuta bukatuko da.
Balorazio positiboa
Denboraldiko balorazioa egiteko eskatuta, pozik daude antolatzaileak. Diote pandemiatik bueltako liga positiboa izan dela, eta, hasieran gorabehera batzuk egon baziren ere, ez zirela arazo izan eta partidu guztiak jokatu dituztela. Baikorrak dira hurrengo denboraldiari begira, eta Oñatiko futbol txapelketak jarraipena izango duela diote. Aloña Mendirekin izandako harremana ere ona izan dela aitortu dute. Izan ere, harekin adostu behar izan dituzte partiduen egunak eta orduak, Azkoagaingo beste hitzorduak ez zapaltzeko.