Bakearen aldeko erromesaldia antolatzen du urtero Gipuzkoako elizbarrutiak. Azkeneko bi urteetan, baina, egoerak behartuta ez dute erromesaldirik egin. Aurten, berriro antolatu dute: Gipuzkoako sei bailaretatik 10 autobus etorri dira Arantzazura.
Aste Santuari tonua hartzen
Soraluze hotelaren parean hasi dute erromesaldia. Unai Manterola, Oriko parrokoak antolatu du gaurko eguna, eta baita, 12:00etako meza nagusia esan ere: "Iñaki Beristainek egiten zuen lehen lan hau, baina hura hil zenetik ni nabil antolatzaile lanetan".
"Erramu bezperan egiten dugu bakearen aldeko erromesaldia, Aste Santuari tonua hartzeko", azaldu du Manterolak. Erromesaldiaren lema aukeratzen dute urteko gaien arabera. "Aita Santuak sinodoari buruzko hausnarketa egiteko eskatu du: nolako eliza izan behar dugun, nolako zerbitzua eskaini behar diogun gizarteari...", dio Manterolak. Hori horrela, Arantzazurako erromesaldiaren pankartaren lema izan da: Sinodorako elizaren alde.
Mundu guztiko gerrak gogoan
Bakearen aldeko erromesaldia dela kontuan hartuta, munduko gerra guztiak izan dituzte gogoan: "Ukrainia, eta bereziki mundu osoko gerrak izango ditugu gogoan: Malin, Afganistanen... mundu guztian gerra asko daude. Ukrainiari ez diogu garrantzirik kendu behar, baina ezin ditugu beste bake faltak ahaztu. Gehiegi zentratzen ari gara toki bakarrarekin, baina besteek ere bakea behar dute, eta baita gure otoitza ere".