Bi aste barru Ejea de los Caballeros –Aragoi– herrian izango den lehiaketara begira egin dute kontzertua gaur Hots abesbatzako kideek Santa Anan. 26 abeslari irten dira taula gainera; zuzendari izan dute Aitor Biain Bidarte eta pianoan, aldiz, Amaia Zapitria.
Maskara gabe
"Maskara gabe abestuko dugu; izan ere, dena ondo bidean, bi aste barru maskara gabe abestuko dugu Ejea de los Caballerosen. Maskararekin beste era batera abesten da, beste era batera proiektatu behar da ahotsa; gaur, proba egin nahi dugu, nola gauden ikusteko", azaldu die ikusleei Biain zuzendariak.
Lehenengo hiru piezak Nigra Sum, Ave Maria eta Revelation izan dira.
Lehiaketara begira, Aragoiko doinuak
Ondoren, Ejea de los Caballeros lehiaketan derrigorrez abestu beharreko Alpargatas blancas lana abestu dute, David Azurza tolosarrak konposatutakoa; eta, baita Introduccion y jota, Josu Elberdinek Ganbara Gazte abesbatzarendako sortutako pieza; Ascendit deus pieza garaikidea eta Dies Irae lanarekin amaitu dute bigarren zatia.
Amaitzeko, euskal doinuak
Emanaldia euskal doinuekin amaitu dute. David Azurzaren Lainoak abestiak euri hotsa eraman du Santa Ana antzokira; Elementuen kantak, aldiz, ura, sua, airea eta lurra izan ditu protagonista; eta, J. Zeberioren Lore dantza abestiak udaberri doinuak eta soinuak utzi ditu.