Oñatin emango dio birari bukaera Idoia Asurmendik

Amaia Txintxurreta Guridi 2022ko api. 7a, 11:35

Idoia Asurmendi aramaioarra, Arrasateko Amaia antzokian zuzenekoa eskaintzen.

Duela urtebete inguru Oñatiko gaztetxean aurkeztu zuen 'Ilun eta abar' diskoaren Euskal Herriko birari bukaera emango dio bihar, egubakoitza, Idoia Asurmendik, gaztelekuan. 20:00etan izango da kontzertua eta sarrerak salgai daude.

Ilusio handiz dago gaurko kontzerturako Idoia Asurmendi aramaioarra: "Gogoratzen dut duela urtebete inguru Oñatiko gaztetxean egon ginela Ilun eta abar diskoa aurkezten, kaleratu eta egun batzuetara. Ederra izan zen, jende ugari izan zelako, eta pozgarria da niretzat ziklo hau Oñatin amaitzea. Urtebetean gauza asko pasa dira; proiektua asko hazi da, 50 kontzertu inguru eman ditugu ordutik, eta Madrilera eta Zaragozara goaz hil bukaeran, baina Euskal Herrian kontzertuen bira Oñatin bukatuko dugu, etxetik [Aramaio] oso gertu, eta Oñati niretzat ere etxea bezalakoa da, momentu asko pasa ditudalako bertan".

Diskoko kantuez gain, berri batzuk ere joko dituzte. "Lehen diskoko kantuak joko ditugu eta berriren batzuk ere bai; izan ere, hasi gara kantu berriak sortzen. Argiek garrantzi handia dute ikuskizunean, eta poesiarekin ere lotzen den kontzertu bat izango da", adierazi du artistak. Agertokian alboan izango du banda: Joanes Ederra – baxuan eta kontrabaxuan–, Ander Ederra –gitarretan–, Nacho Soto –teklatuan– eta Karlos Arancegui –baterian–. Kontzertua bihar, egubakoitza, 20:00etan hasiko da, gaztelekuan.

Olatz Salbador, 24an

Etzi, zapatua, Arrasaten izango den Olatz Salvador artista donostiarrak ere eskainiko du kontzertua gaztelekuan hilabete honetan. Hilaren 24an izango da hori, eta matinee kontzertua izango denez, 12:30ean hasiko da. Sarrerak dagoeneko ohiko lekuetan eros daitezke, Idoia Asurmendiren kontzerturako bezala, 8 euroren truke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak