Gimnasioaren erabilera hobetzeko ikastaroak eskaintzen ari dira

Amaia Txintxurreta Guridi 2022ko api. 7a, 11:14

Pello Uriarte, erdian, azalpenak ematen, martxoan egin zuten gimnasioko makinen funtzionamenduari buruzko ikastaroan.

Zubikoako fitness gelako makinen funtzionamenduari buruzko saioa eskaini zuen bertako monitore Pello Uriartek martxoan, eta zapatu honetan, horren jarraipena izango da; gimnasioko saio bateko planifikazioa nola egin ikasteko aukera egongo da. Aurrez izena eman behar da.

Zubikoa kiroldegiko Bizittu gimnasioan Pello Uriarte monitorea egoten da, erabiltzaileen kezkak argitu eta behar dutenei aholkuak emateko prest. "Monitore egoten naiz gimnasioan eta nire helburua da etortzen diren erabiltzaileei erakustea era seguruan makinak nola erabili, hona etorri eta eremu ezagun batean senti daitezen, gustura ibiltzeko", zehaztu du Uriartek. Orain, gainera, ikastaro batzuk eskaintzen ere hasi dira hilero, zapatu goiz batean, erabiltzaileei gimnasioari lotutako askotariko argibideak eskaintzeko.

Makinen funtzionamendua

Martxoko azken zapatuan, esaterako, gimnasioan dauden makinen funtzionamenduari buruzko saioa eskaini zuen Uriartek. "Bi jarduera fisiko mota banatuko genituzke gimnasioan, jarduera fisiko aerobikoa izango litzatekeena landuko genuke; esaterako, bizikleta estatikoan edo eliptikoan eta korrika egiteko zintetan. Eta barruko zonan gelditzen diren makinak izango lirateke indar lana egitekoak eta muskuluak gogor mantentzekoak. Bigarren eremu horretan sortzen dira zalantza gehien. Gustatzen zaigu garrantzia ematea posturari, teknika egoki bat erabiltzeari. Helburua da bizimodu osasuntsua bultzatzea eta gauzak era egokian egitea", azaldu du Uriartek, eta gaineratu du ikastaroan izan ziren erabiltzaileek gustura entzun zituztela argibideak.

Planifikazioaren garrantzia

Etzi, zapatua, eskainiko dute hurrengo ikastaroa, eta hori lehenengoaren jarraipena izango dela azpimarratu du monitoreak. Izan ere, lehenengoan, makinen funtzionamenduari buruzko xehetasunak ikasi zituzten, eta oraingoan, fitness gelako saio baten planifikazioa nola egin irakatsiko die. "Asmoa da jarraitzea aurreko saioko dinamikarekin. Oraingoan, azpimarratuko dugu, lehenik eta behin, berotzeak daukan garrantzia, eta, horren ostean, poliki-poliki zein makina erabiliz joatea komeni den. Makina bakoitzarekin muskulu zehatz batzuk lantzen dira, eta komeni da guztia kontuan hartzea". Tonu muskularrak galtzeak lesioak, oreka falta, erorikoak eta bizkarreko minak ekar ditzakeenez, besteak beste, gimnasioan egindako ariketekin helburua izango litzateke horiek guztiak saihestea, bizimodu osasuntsua eramanda.

Ikastaroa 09:30ean izango da eta izena eman beharko da kiroldegiko harreran edota monitoreari jakinarazita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak