2022ko ikerketa programa aurkeztuko du gaur Arantzazulab-ek

Jon Irizar Aranguren 2022ko api. 5a, 09:41

2021ean ikerketa elkargunean egindako saio bateko unea, artxiboko irudi batean. (Argazkia: Goiena)

Mondragon Unibertsitatea, EHU eta Deustuko Unibertsitatea lankidetzan aritzen diren Arantzazulab-eko Ikerketaren Elkarguneak 2022ko programa aurkeztuko du gaur arratsaldean (17:00). Bi ikerketa esparru lehenetsi dituzte aurtengorako: "Demokrazia" eta "Lankidetzazko Gobernantza". Will Friedman ikertzaile estatubatuarrak hitzaldia eskainiko du arratsaldeko saioan.

Joan zen urtean Arantzazulab-ek Ikerketa Elkargunea jarri zuen martxan; "lankidetzan ikerketa kooperatiboa egiteko modu eta espazio berritzailea", beren hitzetan. Bada, "elkarlanean oinarritutako hausnarketa eta ikerketa elkargune" horretara batu ziren Mondragon Unibertsitatea, EHU eta Deustuko Unibertsitatea.

Ildo horretatik, gaur aurkeztuko dute hiru unibertsitateetako ikertzaileek 2022ko ikerketa programa eta "aurtengo asmoak". Ohar bidez adierazi dutenez, bi ikerketa esparru lehenetsi dituzte urte honetarako: "Demokrazia" eta "Lankidetzazko Gobernantza". Arratsaldeko 17:00etatik aurrera ezagutuko dira xehetasun guztiak.

Will Friedman

Programaren aurkezpena ez da izango, baina, saioaren mugarri bakarra. Izan ere, "iritzi publikoan, demokraziaren berrikuntzan eta deliberazio publikoa bezalako esparruetan urteetako eskarmentua" duen Will Friedman ikertzaile eta pentsalari estatubatuarrak Erresuminaren politikatik, politikaren berrikuntzara hitzaldia eskainiko du. 35 minutuko saioa izango da, 17:35etik 18:10era, hain zuzen.

Izen-ematea

Saioa Arantzazun izango da, eta aurrez izena eman beharko dute info@arantzazulab.eus helbidera idatzita bertaratu nahi dutenek zein aurkezpenak online jarraitu nahi dutenek –Zoom plataformaren bidez eskainiko da–. Saioa euskaraz zein ingelesez izango da, baina antolakuntzaren hitzetan, "aldibereko itzulpena bermatuko da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak