Astearen amaieran erregelamenduan egindako aldaketaren ondorioz, Euskadiko ligatik hiru talde joango dira Espainiako fasera, bi joan beharrean. Basauri eta Elgoibar dira orain arteko sailkatuak baina hirugarren postua zein taldek beteko duen ikusi behar da orain. Beste emaitza baten arabera, baina aukera handiak daude plaza hori datorren asteburuan jokatzeko. Beraz, azken partidu hau galdu egin duen arren, oraindik mantentzen da Fagor Profesional - Aloña Mendi eskubaloi taldeak Espainiako fasera igotzeko aukera. Zarautzen kontra jokatuko du talde oñatiarrak datorren zapatuan, apirilak 9, Zubikoan, 18:00etan.
Elgoibarren galdu
Berez, atzo, zapatua, Elgoibarren jokatutako partidua irabaziz gero Espainiako igoera fase horretarako sailkatzea lortuko zuen Fagor Profesional - Aloña Mendi taldeak, baina galdu egin zuen, gol bakarragatik galdu ere (26-25).
Oso parekatua izan zen partidua. Gol asko egin zituzten lehen zatian eta parez pare ibili ziren talde biak. Hamabigarren minutuan, 6-5 markagailuan, hamaseigarrenean 9-9, hogeita bosgarrenean 14-14 eta atsedenaldian 16-17.
Bigarrenen zatia berriz, erabat desberdina izan zen. Atake estatiko asko egin zituzten eta gol bat sartzeko egin beharreko borroka handiagoa izan zen. Horren adierazgarri da lehen zatian 6-19 joan zirela eta bigarrenean 10-8. Partiduaren bigarren zatian ordezko atezaina atera zuen Elgoibarko taldeak eta horrek zaildu egin zien oñatiarrei gola sartzea, izugarri ondo jokatu zuen-eta. Defentsan ondo oñatiarrak bigarren zatian, baina ataskatuta erasoan. (44. minutuan 22-20, 50.enean 24-23 29.enean 26-25 eta baloia Aloñaren eskuetan, eta 26-25 amaieran).
Emaitza horrekin Espainiako igoera fasera sailkatzeko txartela lortzea ezinezko jarri zitzaion Aloña Mendiri, baina azken aldaketa horrekin, badu oraindik aukera. Hirugarren plaza hori lortu ahal du. Denboraldi hasieran espero ez zuen puntura heldu da Fagor Profesional - Aloña Mendi eskubaloi taldea.