Gazte alpinisten teknifikazio taldeko kideetako bat da Jon Etxarri oñatiarra. Euskal Mendizale Federazioaren deialdira aurkeztu eta probak egindakoen artean izan da aukeratua Etxarri. Beste bost lagunekin batera, Juan Vallejok zuzenduko duen gazte alpinisten teknifikazio taldeko kide izango da datozen hiru urtetan.
Denbora horretan, alpinismoko ezagutza sakonduko dute, izotzetan zein haitzean, esaterako, eta segurtasunari buruzko saioak ere izango dituzte. Hilean irteera bat egingo dute, Vallejok zuzenduta; uda partean Alpeetara luzeago bat eta hirugarren urtean Europatik kanporako beste bat ere bai. Lehen irteera datorren asteburuan egingo dute, Pirinioetara.
Mendizabal ere bai
Iñaki Mendizabal berriz, Espainiako alpinisten taldeko kide da. Otsailaren 25ean egin zituzten probak Panticosan, (Huesca, Aragoi). 32 lagun joan ziren, 16 mutil eta 16 neska, eta hantxe aukeratu zituzten talde bakoitzeko zazpi kideak 2022-2024 epealdirako. Hautatuen artean dago Iñaki Mendizabal.