Zer moduz ibili zinen?
Korrikako lehenengo zatian iruditzen zitzaidan ez nuela egun onik, ez nengoen hain gustura eta sufritu egin nuen korrika. Bizikleta gainekoan, berriz, taldetxo batean sartzea lortu eta oso eroso egin nuen. Asko aurreratzea lortu nuen, eta uste dut hortxe egon zela lasterketaren gakoa. Zati horretan aurreratu nituen postuei eustea lortu nuen gero, nahiz eta boxetan sartu eta korrikako azken itzulia eskas hasi. Baina buelta ematea lortu nuen, eta oso pozik nago emaitzarekin, bai.
Presiorik izan duzu, etxean izanda?
"Etxean da eta ea lasterketa ona egiten duzun"... Halako esaldiak entzun ditut, eta presio minimo hori, agian, bai, baina asko dis-frutatu dudan duatloia izan da.
Animoak ere jasoko zenituen, ezta?
Asko, pila bat. Eta horrek izugarrizko indarra eman dit. Orain arteko probetan ez dut hori bizi izan, baina Oñatiko duatloi honetan ibilbide osoan zehar entzun dut jendea nire izena esaten, animoak ematen, eta sekulakoa izan da. Eskerrik asko denoi.
Antolaketa lanetan ere ibili zinen?
Ibilbidea zehazten ez, baina ibili naiz bestelakoetan laguntzen, bai. Hala ere, ezagutzen nuen ibilbidea eta banekien, adibidez, Asentzioko jaitsieran segundo batzuk irabaztea nire aldeko izango zela, eta horrela izan zen.
Ze proba egingo dituzu datozen astetan?
Asteburu honetan, adibidez, domekan Durangon egingo den duatloian hartuko dut parte, eta hurrengo asteburuan, Zizurkilgoan. Nire lehen denboraldia da duatloietan. Bi horiekin bukatuko dut aurtengo sasoia.
Eta gero, zer?
Berriz bizikleta hartu eta pistako lasterketak prestatzen hasiko naiz, apirila eta maiatza artean egingo direnetan lehiatzeko; 800 eta 1.500 metrokoetan. Entrenamenduak ere ezberdinak izango dira: orain arte, erresistentzia landu dut, eta abiadura landu beharko dut lasterketa horietarako.