Udako eskaintza zabalik dute Oñatiko gaztetxoek

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko mar. 25a, 11:56

Umeak plaza ondoko jolasgunean joan den urteko udaleku irekietan.

Ekainaren 27tik uztailaren 22ra egingo dira aurtengo udaleku irekiak, arte udalekuak eta uda kanpaina; lau astez. izena emateko epeak zabalik daude dagoeneko eta online egin behar dira, udal webgunean edo Zubikoako kiroldegikoan sartuta.

Herriko haurrendako eta gaztetxoendako udako aisialdi eskaintza prest du dagoeneko Udalak. Ohikoa den moduan, hiru eskaintza egongo dira aurten ere: udaleku irekiak, arte udalekuak eta kirol kanpaina. Baterako zein besterako izena emateko epea zabalik dago.

Ekainaren 27an hasita

Udaleku irekiak eta arte udalekuak ekainaren 27tik uztailaren 22ra izango dira, lau astez, 10:00etatik 13:00etara. Udaleku irekien kasuan, zaintza zerbitzua ere eskainiko dute, 08:15etik 10:00ak arte. Aurreko urteetan bezala, taldeka antolatuko dira udaleku irekietan, talde bakoitza gune batean elkartuko da eta hezitzaileekin batera pasako dute goiza umeek, aurrez prestatutako jolasak edo ekintzak eginez eta umeei eurei ere galdetuz zer egin gura duten. Apirilaren 1a aurretik eman behar da izena. Arte udalekuetarako, baina, gaur, martxoak 25, da horretarako azken eguna.

Uda kanpaina

Udako kirol kanpaina HH-4 eta DBH-4 maila artekoei zuzenduta dago. Behin betiko inskripzioa egiteko plazen banaketarako izen-ematea da orain bete behar dena; beraz, ez dago matrikula ordaindu beharrik. Txanda bakoitzean gehienez hiru jardueratan eman daiteke izena eta kirol bakoitzerako gehienez hiru ordutegi hautatu daitezke. Plazak banatzeko, jarduera guztietan zozketa egingo dute. Aurtengo kirol eskaintza ere zabala da: ur jolasak, tenisa, zumba, yoga, crossfita, patinajea, golfa, xakea, mendiko bizikleta irteerak, baso eskola eta eskalada, adibidez. Ekintza batzuk txanda bakarrean egingo dira eta beste batzuk, bi txandatan: ekainaren 27tik uztailaren 8ra edo uztailaren 11tik 22ra. Informazioa kiroldegiko webgunean edo Zubikoan bertan, 943 71 63 75 telefonoan eskatu daiteke.

Izen-ematea, online

Udalekuetan matrikula ezberdina da izena ematen duten seme-alaben kopuruaren arabera: lehenengo haurrak 72 euro, bigarrenak 62 euro, hirugarrenak 52 euro eta laugarrenetik aurrera, doan. Udaleku irekietan 2010etik 2018ra jaiotakoek eman dezakete izena. Izen ematea online egin behar da, udal webgunean sartuta, baina izena eman aurretik egin behar da ordainketa, inskripzioa egiterakoan ordainagiria atxikitu behar da- eta, gaztetxoaren arduradun baten nortasun agiriaren kopiarekin batera. Arte udalekuetakoa ere online egin behar da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak