2020ko urtarrilaren 12an egin zuten, Oñatiko gaztelekuan, domeketan hilean behin egiten dituzten azken matinée emanaldia. Gernikako Dientes de Luna taldea gonbidatu zuten orduan eta pandemiak eraginda bertan behera utzi behar izan zituzten aurreragorako lotuta zituztenak. "Arrakastatsuak eta oso eskertuak izaten dira kontzertu horiek, baina orain arte izan ditugun baldintzekin oso zaila izan da programazioa bere horretan mantentzea, eta, ohiko egoerara gerturatuta, berrabiarazteko apustua egin dugu. Urrian hasi eta maiatza bitartean, hau da, kaleetako zein auzoetako jaiak hasi bitartean, hileko bana antolatzen jarraituko dugu", dio Oñatiko Udaleko Gazteria Sai-leko teknikari Ion Lopezek.
Emakumeak protagonista
Udaleko Gazteria eta Kultura sailek elkarlanean jarduten dute herriko kultura eskaintza programatzen. "Aukera pila bat ditugu mahaiaren gainean, eta eguerdietan dela aintzat hartuta eta emakume musikariak fokuan jartzeko helburuarekin, Afrika Bibangen eta haren taldekideen soul eta R&B doinuak izango dira etzi entzungai. Ibilbide luzea du Bibangek: Ke No Falte reggae taldearekin hasi zen, Etsaiak taldearekin jardun zuen gero; 2004an argitaratu zuen Entzun (Metak) bere bakarkako lehen diskoa; Begira (Airaka) izenekoa 2019an; eta Ispiluaren aurrean (Huracan29 Records) argitaratu zuen iaz. Bitxikeria moduan, 2005eko Korrikaren kantuaren egilea ere bera da".
Korrika Kulturalaren egitarauaren baitan dago domekako kontzertua, eta baita Idoia Asurmendi aramaioarrak apirilaren 8an agertoki berean eskainiko duen emanaldia ere. "Eguerdian beharrean 20:00etan izango da kontzertu hori, eta laster izango dira sarrerak eskuragarri Oñati.eus atarian. Taldearekin etorriko da Asurmendi ere".