Lehen film labur profesionala grabatu zuen iazko Aste Santuan Itsaso Pol oñatiarrak. Tartean, Oñatiko eta Arrasateko hainbat txokotan egin zituzten grabazioak, eta orain, herrian eskainiko dute.
Lantaldean izan ditu Madrilgo eskolan berarekin batera ikasi zuten profesional batzuk, eta baita beste hainbat herrikide ere; protagonista, esaterako, bere ahizpa Amaia da, eta lantalde teknikoan oñatiar ugarik hartu dute parte.
Etzi, zapatua, lehen aldiz eskainiko dute pantaila handian publiko guztiarendako, eta, ikus-entzunezkoaren zuzendaria bertan egongo ez den arren, Oñatikoa "proba handia" izango dela dio. "Ezin izango dut analizatu nola irteten den jendea, ea ondo ulertzen den, zer transmititzen den ikus-entzunezkoan... Azken finean, ezin izango dut ikus-entzuleen erreakziorik jaso, baina ea gustura irteten diren. Ni oso pozik gelditu naiz emaitzarekin, eta ikusi duten ingurukoen harrera ere oso ona izan da", adierazi du.
Drama generoko film laburra da eta hainbat festibaletara aurkeztu du ikus-entzunezkoa. Bere ilusioa da horietako batean parte hartu ahal izatea. Dena den, beste lau gidoi ere idatzita ditu dagoeneko.
Gonbidapenak, Txokolateixan
Sarrerak doan izango dira, baina gonbidapenak eskuratu beharko dira, Txokolateixan, edo, bestela, egunean bertan aurrez hartu ahal izango dira Santa Anako leihatilan bertan. 18:30ean izango da eta hogei minutu irauten du.