'Buruaz beste' diskoa aurkeztuko du Ingumak

Amaia Txintxurreta Guridi 2022ko mar. 25a, 09:01

Inguma taldeko lau musikariak. (Argazkia: Jone Markuleta).

Bederatzi kantuz osatutako estreinako lana kaleratu du Inguma taldeak: oñatiarrez idatzi dituzte, gainera, abestietako batzuk; abenduan egin zituzten grabaketak eta bihar, zapatua, emango dute aurkezpen kontzertua, Antixeneko gaztetxean.

Lau musikarik osatzen dute Inguma taldea: Ibon Perezek – abeslaria–, Alex Markuletak – baxu-jolea–, Xabier Albistegik –bateria-jotzailea– eta Beñat Leturiagak –gitarra–. Gaur egun- go laukote hori 2020ko udan sortu zuten.

Oi! estiloa lantzen dute euren abestietan eta inguruko musikazale ugarik esan izan diete bardulia mugimenduko taldeen itxura ere badutela.

Kantuak, euskaraz

Gai historikoei eta politiko-sozialei abesten diete euren kantuetan eta Euskal Herriari buruz ere hitz egiten dute. Guztira, bederatzi kantu sortu dituzte, guztiak euskaraz, eta badute berezitasun bat ere: horietako batzuk oñatiarrez dira. Hauxe dio horri buruz Perez abeslariak: "Letrak idazterakoan ideia batzuk oñatiarrez etortzen bazitzaizkigun, kantu horiek oñatiarrez garatzea errazagoa egin zaigu, eta, beraz, baditugu kantuak gure euskalkian. Baina kantu guzti-guztiak euskaraz dira, hori garbi geneukan hasieratik".

Buruaz beste diskoa Beasaingo Pottoko estudioan grabatu zuten, 2021eko abenduan, Fredi Pelaez teknikariarekin, eta oso gustura gelditu dira emaitzarekin: "Gure abestiak asko entseatuta eraman genituen grabazioetara, estruktura oso zehatzekin", adierazi du Perezek. Eta gaineratu du diskoaren soinua "potentea baina garbia" dela. "Estilo horretan entzuten ditugun ohiko ahotsak, normalean, sendoak eta gogorrak izaten dira, nirearekin alderatuta. Nirea garbiagoa dela esango nuke". Bi kolaborazio ere izan dituzte: Ekaitz Oldarkorrena eta Larru Beltzak taldeko abeslari Naiara Urzelairena.

Dagoeneko salgai jarri dituzte diskoak, Oñatiko Boga eta Ikatz tabernetan, Bergarako Arranon, Legazpiko gaztetxean eta Arrasateko Irati tabernan. Mal Mai Records zigilupean argitaratu dutenez, euren webgunetik ere eskuratu ahalko da.

Disko aurkezpena, bihar

Jendaurrean egingo duten disko aurkezpena bihar, zapatua, izango da, Antixeneko gaztetxean, 21:00etan hasita. Joseba Arregi herriko 76 urteko presoaren aldeko jaialdia antolatu du Ernaik, eta horren baitan izango da Ingumaren kontzertua. Horrez gain, Arrasateko Garazi eta Unax bikoa eta Elorrioko Iheskide taldeak ere igoko dira Antixeneko oholtzara. Eta herrian emango duten kontzertuaren ostean, Ingumakoak Deban izango dira apirilaren 2an eta maiatzean Beasainen. Data gehiago aurrerago iragarriko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak