Bi zati izan ditu Oñatiko Musika Bandak eta Jose de Azpiazu Musika Eskolak gaur eguerdian eskainitako kontzertuak. Lehenengoan, Peru eta otsoa ipuina kontatu du narratzaileak, bandak lagunduta. Protagonista bakoitzari instrumentu jakin batzuek lagundu diote; horren helburuetako bat izan da haurrek instrumentuak ezagutzea.
Bigarren zatian, berriz, lehiaketa egin dute ikus-entzuleek. Potx eta Izaskun pailazoek gidatuta, musika bandak jotzen zituen pasarteak identifikatu behar izan dituzte Zubikoako frontoira gerturatu direnek. Dinamika erraza izan da: abestia ezagutuz gero, puxika astindu behar zen. Marrazki bizidunetako abesti ezagunak jo dituzte musikariek, eta fin ibili dira ikus-entzuleak; bai talde gorria eta bai talde urdina.
Sarrera guztiak agortu dira gaurko emankizuna ikusteko.