Oñatiko duatloian parte hartu duten 151 kirolariek bost kilometro egin dituzte korrika, 20 bizikletan, eta bukatzeko, beste 2,5 korrika. Bizkorrenak ordubete baino gutxiago egin du lasterketa amaitzen; Lea La Blanca taldeko Urko Herran Aguilar izan da, 58:08ko markarekin. Emakumezkoen artean, Saltoki Trikideak taldeko Maddi Market Ferran izan da azkarrena, 1:07:55 ko denborarekin. Gainera, aipatzekoa da bigarren emakumea talde bereko Besaide Astobiza izan dela. Azaldu dute "batera joatea" izan dela hasieratik zuten asmoa.
Halere, emakumezkoen talde azkarrena ez da Saltoki Trikideak izan; bailarako bi partaide izan dituen Sestao Triatloi taldea baizik. Klub horretako kide da Miren Josune Bikuña; helmugara lehenengo iritsi den emakume oñatiarra –emakumeen sailkapenean 6. postua lortu du–. Horrez gain Bikuñak beteranoei eskaintzen zaien sarietako bat ere jaso du; guztira, hiru sari. Aipatzekoa da, halaber, Aloña Mendi taldeko Ainhize Barrainkua gertu izan duela helmugan Bikuñak: 8. postua lortu du 1:10:58ko denborarekin.
Gizonezkoen sailkapenean, lehenengo herritarra Aloñamendiko Beñat Guridi izan da; ordubetean egin du duatloia Oñatiko atleta gazteak Taldeei dagokienez, Alusigma izan da azkarrena. Bestetik, nabarmendu beharreko beste gizon bat Juan Marin Elexpuru bergararra izan da. Beteranoetan beteranoenak Oñatiko duatloiaren lehenengo edizioan parte hartu zuen eta baita 29. edizio honetan ere. Gustura aritu dela azaldu du, eta "gainerakoak baino mantsoago" joan arren, "helburu guztiak" bete dituela.
Giroa eta eguraldia, lagun
Espero baino arratsalde haizetsuagoa izan da gaurkoa, eta horrek urduri jarri ditu kirolariak; batez ere, bizikletan egin beharreko zatiari dagokionez. Halere, zeru lainotuak eta giro epelak proba goxatu dutela azaldu dute.
Ohiko formatua berreskuratuta, taldean irten dira kirolariak, eta ibilbideari ekin diote –aurten apur bat moldatu dute–. Parte-hartzaileek oñatiarrek emandako animoak eta herrian zegoen giroa goraipatu dituzte; musika ere ez baitzen falta, ibilbidean zehar.
Atleta gehienek ez dute zalatzarik: datorren edizioan berriz itzuliko dira Oñatira.