Sei musikarik osatzen dute 2017an sortutako Broken Legacy taldea: Aitor Atxak –ahotsa–, Unai Urkiak –baxua eta ahotsa–, Gorka Mondragonek –bateria– eta Asier Goitia, Pello Uriarte eta Josu Manuel gitarristek. Uda aldera grabatu zituzten disko berria osatzen duten zortzi kantuak, Asuako (Bizkaia) Chromaticity estudioetan, eta dagoeneko guztia prest dute publiko egiteko.
Hiru aurrerapen kantu
Ortzimuga diskoa lehenengoaren "jarraipena" izango dela adierazi du Urkia taldekideak, baina gaineratu du oraingo honetan soinu kalitateari dagokionez "aurrerapausoa" eman dutela eta kantuak "gehiago garatu" dituztela. Urte hasieran argitaratu zuten sare sozialetan lehen aurrerapen kantua: Ezezaguna. Otsailean, bigarrena estreinatu zuten, bideoklip eta guzti, Hostoak erori dira, eta Jukutria argitaratu berri dute asteon. Horien guztien harrera "oso ona" izaten ari dela azaldu du Urkiak, eta, era berean, entzuleak "gogoz" daudela diskoa osorik entzuteko.
Disko berria eta aurkezpena
Lan berriko hiru kantutan kolaborazioak dituzte: Pedro J. Mongerena, Drop! eta Wood Strings taldeetako Paul Casalena eta Uckaia taldeko Lander Txabarrirena. Diskoa martxoaren 27an jarriko dute salgai –euren asmoa da egun horretan tabernaren batean postua jartzeko–. Eta apirilaren 2an gaztetxean emango dute kontzertua, Letagin eta Calathea taldeekin. Ordutik aurrera, online jarriko dute salgai eta euren sare sozialen bitartez emango dute horren berri.