Denboraldi hasiera zaila izan arren, badoaz indarrak hartuz

Amaia Txintxurreta Guridi 2022ko mar. 18a, 10:57

Gimnasia erritmikoko gaztetxoak, azken erakustaldian. (Argazkia: Lide Osinaga).

Gimnasia erritmikoko taldekideak ilusio bereziz ari dira prestatzen ikasturte bukaerako ekaineko erakustaldia. Gabonetan egitekoak zirena, Aratuste jaietara atzeratu behar izan zuten eta pandemiak taldean eragina izan du, baina gogotsu jarraitzen dute eta ateak zabalik dituztela gogorarazi nahi izan dute.

Azken bi ikasturteak ez dira errazak izan gimnasia erritmikoko taldearendako. Pandemiak bertan behera utzi zituen entrenamendu guztiak eta aurtengoari fundamentuz ekitea ere "zaila" izan den arren, orain "martxa hartzen" badoazela adierazi du Lide Osinaga entrenatzaileak.

Gabonetan egin ohi izan duten erakustaldia, Aratuste jaietara atzeratu behar izan zuten, baina azkenean, horrenbeste denbora pasa eta gero, gimnasten etxekoek zuzenean disfrutatu ahal izan zuten erakustaldiarekin Zubikoan: "Umeek eskertu zuten erakustaldia normaltasunez egin ahal izana, denondako zaila izan da eta bidean gimnasta batzuk gelditu zaizkigu motibazio faltagatik, baina bagoaz egoerari ahalik eta ondoen buelta ematen. Ilusiorik ez zaigu falta behintzat", azaldu du Osinagak.

Gaur egun, 50-60 gimnasta

Pandemiak behartuta, 50-60 gimnastara mugatu behar izan zuten kopurua taldean, eta gaur egun ere, zenbaki horretan mugitzen da taldekide kopurua: "Gimnasta gehiago izan ditugu aurreko denboraldietan, baina badakigu zerbait orokorra dela eta beste talde batzuetan ere egoera beretsuan daudela. Pentsatu nahi dugu normaltasun gehiago dagoen heinean, gure entrenamenduak eta ikasle kopurua ere lehengora itzuliko direla".

Txapelketarik ez dute aurrera begira momentuz, baina ekainean egingo duten ikasturte bukaerako erakustaldira begira gogoz daude ikasle guztiak. Osinagak gaineratu du kirola ezagutu nahi duenarendako ateak zabalik dituztela beti eta gimnasia erritmikoa ezagutzeaz gain, horrekin ondo pasatzea dela duten helburu nagusiena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak