Familia osoarentzako bandaren kontzertua

Amaia Txintxurreta Guridi 2022ko mar. 18a, 10:17

Oñatiko Musika Banda, Aitor Biain Bidarteren zuzendaritzapean, Zubikoan kontzertua eskaintzen.

'Peru eta otsoa' kontzertu pedagogikoa eskainiko dute Oñatiko Musika bandak eta Banda Gazteak domekan, 13:00etan, zubikoan. gonbidatu bereziak izango dira: Miel Guridi narratzailea, Potx eta Izaskun, eta sorpresa gehiago ere iragarri dituzte.

Denboraldiko laugarren kontzertua eskainiko du domekan Oñatiko Musika Bandak, eta oraingo honetan, pedagogikoa izango da. "Musika bandak lehenengo aldiz egingo du horrelako bat; umeak, gurasoak, aiton-amonak... hau da, familia osoa erakarri nahi dugu. Publiko berri bat da guretzat, nahiz eta batzuk etortzen diren gure ohiko kontzertuetara ere. Zentzu horretan berezia da planteamendua. Banda gazteak ere hartuko du parte domekan –aurten bigarren aldiz–, eta horrek 80 pertsonako banda bat sortzen du", adierazi du bandako zuzendari Aitor Biain Bidartek.

Kontzertua, bi zatitan

Lehenengo zatian Peru eta otsoa ipuina izango dute ardatz. Ipuin horren helburua da musika klasikoko instrumentuak haurrei ezagutaraztea, istorio baten bitartez. Pertsonaia bakoitza musika instrumentu batekin egongo da lotuta eta Miel Guridik egingo ditu narratzaile lanak. Musika eskolako Arantzazu Bikuña irakasleak adierazi du aurretik musika instrumentuen lanketa egin dutela eskolan 5 eta 8 urte bitarteko ikasleekin, eta domekan bertan ikusi ahalko dutela emanaldia ikasle txikienek ere. "Ikusten dugu ikasleak motibatuta eta pozik daudela horrelako emanaldiekin", gaineratu du. 

Bigarren zatian, lehiaketa moduko bat egingo dute marrazki bizidunen kantuak eskainiz, eta Potx pailazoaren eta Izaskun pertsonaiaren laguntzaz, publikoan daudenek asmatu beharko dituzte bandakoak zein kantu ari diren jotzen.

Musikarientzat errepertorioa ere ezohikoa izango da eta Biain zuzendariak gaineratu du banda gazteko taldekideak ere "prest eta motibazio handiz" daudela domekako emanaldirako. Guztira, 120 pertsona inguruk hartuko dute parte.

Gonbidapenak

Sarrera doakoa izango da, baina gonbidapenak hartu beharko dira aurrez musika eskolan edota Txokolateixan. Domekan, 13:00etan Zubikoako pilotalekuan izango da emanaldia. Biainek gaineratu du familia osoarentzat izango dela kontzetu "dibertigarria", musika ezberdina entzuteko aukera eskainiko duena, banda ezagutzeko ere balioko duena eta sorpresa ugari izango dituena ere bai.

Denboraldiko lehenengo kontzertura 400 lagun inguru joan ziren; azkenekora 500. Beraz, pozik daude bandako taldekideak, orain arte eskaini dituzten kontzertuen harrerarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak