Aloña Mendik uste baino askoz ere errazago menderatu du Zarautz (5-0)

Eneko Azurmendi 2022ko mar. 13a, 19:55

Azkoagainen sendotasun handia erakusten ari da aurten Aloña Mendi, eta gaurkoan ere hala izan da, zortzigarren garaipena lortu du-eta Endika Ruizek zuzentzen duen taldeak. Lehen minutuetatik aurkaria estutuz zelairatu dira oñatiarrak, eta hamargarren minuturako 2-0 ziren aurretik. Gero, partidu osoan izan dira nagusi etxekoak, eta erraz irabazi diote Zarautzi.

Hasieratik hiru puntuen bila zelairatu da Aloña Mendi, aurkariari presio itogarria eginez eta erasoan eraginkor arituz. Izan ere, Kevin Martinek zazpigarren minutuan egin du 1-0ekoa eta segidan, bederatzigarrenean, 2-0ekoa ezarri du markagailuan Unai Gilek. Zarautzi ez dio batere mesederik egin hasiera horrek, eta ez du jakin egoerari buelta ematen. 33. minutuan iritsi da etxekoen hirugarrena, Kevin Martinek areaz kanpotik egindako jaurtiketa ikusgarri baten bitartez. 

Atsedenaldira abantaila politarekin ailegatu dira oñatiarrak eta bigarren zatian, abantaila hori areagotu baino ez dute egin, erabat partiduz kanpo zegoen aurkariaren gainetik pasatuz. Hala, Aloña Mendiren laugarrena ere Martinek egin du, 63. minutuan, eta partidua bukatzear zela, Iñaki Alonsok jarri du ginga, korner batean buruz bosgarrena eginez. Aipagarria da Danel Niggemeyer atezain oñatiarrak ia ez duela geldiketa bakar bat ere egin partidu guztian.

Borrokan jarraitu behar

"Etxean puntu garrantzitsuak lortzen ari gara, eta honi jarraipena eman behar diogu etxetik kanpo", adierazi du gaurkoan hiru gol egin dituen Kevin Martinek. Izan ere, etxean sendo ari diren arren, etxetik kanpo partidu bakar bat ere ez dute irabazi oñatiarrek.

Edozelan ere, mailari eusteko helburua geroz eta gertuago du Endika Ruizek zuzentzen duen taldeak. "Partidu guztietan ahalik eta puntu gehien batzea da helburua. Entrenatzaileak garbi uzten digu puntu guztiak direla inportanteak eta hurrengora begira jarri beharrean gaude", dio Martinek.

Bailarako ordezkariek, denetarik

Kategoria berean, Gizonezkoen Ohorezko Erregional Mailan, Mondra izan da emaitza onena lortu duena. Izan ere, puntu baliotsua eskuratu du Eibar talde indartsuaren zelaian bana berdinduta. UDAk, ordea, 1-0 galdu du Oiartzunen eta Bergarak, berriz, 3-1 Mutrikun.

Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailan, azkenik, garaipen erosoa lortu du Leintz Arizmendik Amaikak Baten aurka (0-3), eta sailkapeneko seigarren postuan jarraitzen dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak