Partidu parekatuan puntu barik geratu dira oñatiarrak

Txomin Madina Milikua 2022ko mar. 12a, 21:46

Fagor Professional Aloña Mendik 22-23 galdu du Basauri liderraren kontra. Hiru partidu geratzen zaizkie oñatiarrei Lehen Maila Nazionalerako igoera fasea jokatzeko bi txarteletako bat eskuratzeko.

Burumakur zeuden gaur jokatutako partiduaren amaieran Fagor Professional Aloña Mendiko jokalariak; izan ere, hainbat unetan eskura izan duten garaipenak ihes egin die partiduaren azken txanpan. Asteotan jokatzen ari diren Euskadiko Ligako bigarren txanpan sailkapenean lider den Basauri hartu dute etxean oñatiarrek, zalez lepo egon den Zubikoako kantxan: liderra sailkapeneko bigarrenaren kontra.

Partiduan zehar hainbat unetan aurretik izan dira oñatiarrak; atsedenera, adibidez, markagailuan 13-12 zegoela joan dira. Bigarren zatia oso borrokatua izan da eta une batzuetan etxekoak irabazten joan arren, bizkaitarrek aurrea hartu dute markagailuan. Hala, gol bakarraren aldeagatik, Basauri aldera eraman dituzte lehian zeuden bi puntuak.

Detaileak, "erabakigarriak"

"Pena izan da, partidua eskura izan dugulako. Baina bagenekien aurrean talde oso gogorra genuela. Uste dut partidu oso ona egin dugula: parekatua izan da, uneoro borrokatu dugu", azaldu du oñatiarren entrenatzaile Aitor Bianiek partidua amaitzean, eta nabarmendu detaileak izan direla norgehiagoka erabaki dutenak: "Aurreko astean sentsazioa izan zen bi puntuek ihes egin zigutela, baina gaur borrokatu egin dugu, eta erakutsi dugu gaurkoa moduko partiduak jokatzeko gai garela".

Taldea egiten ari den denboraldiarekin "harro" dagoela ere esan du Biainek: "Inork ez luke durorik emango gugatik denboraldi hasieran, baina hor gaude, eta borobila ixtea nahi dugu".

Sailkapenean hirugarren

Bigarren fase amaitzeko hiru partidu geratzen zaizkie oñatiarrei, hurrenez hurren, Legazpiren, Elgoibarren eta Zarautzen aurka. "Oso zailak izango dira hirurak ere, baina erakutsi dugu badugula jokoa eta aukerak ditugu lehenengo bien artean sailkatzeko. Sinistu egin behar dugu", azpimarratu du oñatiarren entrenatzaileak. Gaur Elgoibarrek lortutako garaipenaren ostean, datorren asteko partidura sailkapenean hirugarren izanda helduko da Fagor Professional Aloña Mendi.

Lehen Maila Nazionalerako igoera fasea jokatzeko aukera, sailkapeneko lehenengo biek izango dute.

Mugarri-Ingou Arrasatek ere, galdu

Euskal Ligako bigarren fasean mailari eusteko lehian dauden taldeen artean dagoen Mugarri- Ingou Arrasatek, bestalde, 32-13 galdu du Corazonistasen aurka. Dena den, Usurbilek ere galdu egin duenez, arrasatearrek oraindik ere badute Euskal Ligan jarraitzeko aukerarik

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak