Emakumeen etxearen proiektua martxan jarri gura du Oñatiko Udalak eta hori gauzatzeko egokia den espazioaren erosketa burutzea onartu zuen otsailaren 24ko Tokiko Gobernu Batzordean. "Proiektu estrategikoa da guretzat emakumeen etxea, espazio honek bide emango baitigu berdintasunaren aldeko erronkei bertatik erantzuteko eta nola ez, erreferentzialtasuna izateko. Emakume guztientzat eskuragarri eta zabalik egongo den espazioa izango da", dio Oñatiko alkate Izaro Elorza Arregik. Gura duen lokal edo eraikinaren zehaztazunak eta oinarri arautzaileak ere onartu zituzten.
Proiekturako egoki ikusten duten lokalak, gutxienez, 400 metro koadroko azalare izan beharko du. Kokapena, azalera, irisgarritasuna, egoera eta diagnostikoan deskribatutako behar eta ezaugarrietara egokitzea baloratuko dute, besteak beste, eskaintza ekonomikoaz gain. Adibidez, argiztapen natural handia izatea, espazioaren ikusgarritasuna eta erabiltzaileen intimitatearen arteko oreka, isolamendu akustikoa, herriko bestelako baliabideekiko hurbiltasuna eta barne-espazioaren banaketa. Kokapenari buruz, eraikina herri gunean egotea lehenetsi dute.
Martxoaren 30a baino lehen
Oinarri eta ezaugarri horiek betetzen dituzten eraikin edo lokalen gaineko eskaintzak hilabete honetan zehar jaso gura ditu udalak; martxoare 30a izango da eskabideak egiteko azken eguna. 295.112 eurotan finkatu da gehienezko prezioa.