2020an antolatu zuen lehenbiziko aldiz futbol campusa Aloña Mendik, eta bigarrenez egingo du aurtengo Aste Santuan. Apirilaren 19tik 22ra bitartean izango da, lau egunetan, 09:00etatik 13:00etara. "Futbol campusean, futboleko oinarrizko gaitasunak garatzeaz gain, neska mutilak ongi pasatzea eta bizitzarako beharrezkoak diren balore desberdinak barneratzea izango da helburu nagusia. Horretarako futbolaz gain, bestelako aisialdi jarduera desberdinak eramango dira aurrera, joko jolas tradizionalak eta joko kooperatiboak, besteak beste", diote antolatzaileek. Gaineratu dute udal instalakuntza ezberdinak erabiltzeko baimena ere badutela (pilotalekua, kiroldegiko kantxak…).
Jarduerei dagokienez, praktika guztiak orokorrean joko jolasetan eta arazoak konpontzera bideratuta dauden egoeretan oinarrituko dituztela adierazi dute: "planteatutako egoerak neska mutilak modu aktiboan parte hartzera behartuko dituzte, hau da, jolasak eskatzen duen erritmora, erabakiak hartzera behartuta egongo dira. Honetaz gain, talde kirol bat denez, lana elkarlanean eta kooperazioan oinarrituta egon beharko da, partaide guztiak beharrezkoak izango direlarik".
Izen ematea zabalik dago
2013, 2012 eta 2011 urteetan jaiotako umeendako izango da futbol campus hau. Plazak mugatuak dira eta izena eman edo informazioa eskatu, helbide honetara mezua bidalita egin daiteke: alonafutboludalekuak@gmail.com. Prezioa da 60 euro.