Bidaide antzezlanaren produkzio lanetan nola moldatu den azaldu du Josu Zubia oñatiarrak.
Lehengo aldiz jardun zara ekoizle moduan lanean?
Aurretik Potx eta Lotxekin-eta, ibili izan naiz, baina egia da maila horretan eta nirea ez den proiektu baten ekoizle lanetan ibili naizen lehen aldia izan dela.
Zer moduzko esperientzia izan da?
Opari bat izan da niretzat proiektu honen parte izatea; zortea izan dut sormen prozesu bat hasieratik bukaerara bizitzeko aukera izan dudalako. Ez zen leuna izan hasiera zailtasun askori aurre egin behar izan diegulako, baina oso interesgarria da Geuretik Sortuak aurrera eraman ahal izatea. Idoia Beratarbide eta Iraia Elias dira antzezlaneko zuzendariak, nahiz eta aktore moduan ere jarduten duten. Euren laguntza beti izan dut eta azpimarratu behar da Metrokoadroka sormen laborategiaren lanak ez direla bakarrik arte eszenikotan zentratzen, baizik eta arte espresio denetan; hitza badauka, aktore lana ere bai, plastikatik ere asko dauka eta irudiak oso politak dira obra honetan. Gainera, profesional berriak ezagutzeko aukera ere eman dit eta oso pozik nago.
Zein izan da zure lana zehazki?
Ikusten ez diren lan asko egin ditut; aurrekontuetatik hasi, laguntzak eta baimenak eskatu, materiala lortu... Bulego lan asko egin behar izan ditut, ikuskizun egunean agertokian ezer falta ez dadin.
Agertoki gainean ala atzean sentitzen zara gusturago?
Bietan gozatzen dut pila bat, maila oso antzerakoan betetzen naute. Badakit bi lanak zer diren eta atzeko lanaren emaitza da agertoki gainean ikusten dena. Bi lanetan oso eroso eta beteta sentitzen naiz.
Aurrera begira zein lanetan ikusten duzu zure burua?
Sorkuntzari orduak kentzen dizkiozu ekoizle lanak egin behar badituzu, eta oreka topatu behar da. Baina bai sormen lanetan eta baita produkzio lanetan ere, bietan jarraitzeko asmoa daukat aurrerantzean ere.