Hamar abestiz osatutako Intra izeneko diskoa aurkeztuko du bihar goizean, Donostian, Mila Modu talde oñatiarrak, eta arratsaldean euren lana gertutik ezagutzeko aukera eskainiko dute Oñatiko kultura etxeko zinema aretoan, 19:30ean. Sarrera gutxi batzuk besterik ez dira gelditzen –udal webgunean eros daitezke–.
Disko "gitarreroagoa"
Absurdoaren paradisua aurreko lanean hasitako ildo beretik doan diskoa izango da Intra. "Kasu honetan, grabaketa apur bat desberdin egin genuen, gitarreroagoa da, landuagoa ahotsetan eta konponketetan, osatuagoa da. Ez bakarrik hamar abesti dituelako, baizik eta egin den lana denbora gehiagorekin egin delako. Aurrekoarekin, justu, konfinamenduaren ostean entsegu batzuk egin eta estudiora sartu ginen. Kasu honetan, prozesua apur bat luzeagoa izan da; hasi ginen grabatzen iazko ekainean eta bukatu genuen urte amaieran. Mimo gehiagorekin egindako diskoa da", azaldu du Xabi Yaniz taldekideak.
Letretan, "barrura begira" jarri direla gaineratu du musikariak: "Nolabait, erruak eta erantzunak beti kanpoan topatu beharrean, askotan norberaren burura ere begiratu behar dugula adierazi nahi izan dugu. Alde horretatik, humanistagoa da. Gauza bat falta dugunean, gero konturatzen gara zer geneukan. Letra horiek idatzita daude konfinamendu garaian eta badauka eragina momentu horrek konposatzerakoan". Yanizek berak konposatutako musikaz gain, letra asko ere hark idatzitakoak dira, eta Iñaki Goitiak, Iñaki Olaldek eta Arantzazu Ugartek idatzitakoak ere jaso dituzte.
Inor ez da inor kantuaren bideoklipa egin du Yanizen seme Oierrek, aurreko ikus-entzunezkoak bezala. Dagoeneko Youtuben ikusgai dago eta hori ere asko zaindu dutela azaldu dute.
Dagoeneko eskuragai
Disko berria Elkar dendetan eta webgunean eskuratu ahal izango da, baita Oñatiko hainbat tabernatan ere.
Bira akustikoa, prest
Bihar egingo duten Oñatiko aurkezpena "berezia" izango dela esan du Yanizek, eta horren ostean etorriko dira formatu akustikoan eskainiko dituzten kontzertuak: hilaren 17an Bilbon, 25ean Donostian, 31n Gasteizen eta apirilaren 7an Iruñean. Aste Santu ostean, formatu elektrikoko birari ekingo diotela aurreratu dute.