Donostian pasa ditu zapatua eta domeka Joseba Arregi Erostarbe preso oñatiarrak, hirugarren gradua aplikatuta. Domeka gauean Martuteneko espetxera bueltatu eta hirugarren gradu hori zein baldintzetan beteko duen informazioaren zain dago egun; espetxeko arduradunen erabakia da hori.
75 urte ditu Joseba Arregik eta 29 urte daramatza preso; 1992an atxilotu zuten Bidarten. Lehen urteak Frantziako kartzeletan egin zituen eta 2000. urtean Espainiaratu zuten eta 30 urteko kartzela zigorra jarri, terrorismo, hilketa, mehatxu eta lesio delituengatik. Arregik zigorraren hiru laurdenak beteta dauzka. Alacantetik Asturiasera aldatu zuten 2020ko hasieran eta handik Martutenera, urte bereko urrian. Bigarren gradua aitortu zioten orduan.
Hirugarren gradura igarotako lehenak
Beatriz Artolazabal Justizia, Berdintasun eta Gizarte Politikako sailburuak El Correo egunkarian egindako elkarrizketan esan zuen hamar presori hirugarren gradua eman zaiela eta beste 26ri ukatu. Erabakiak pasa den astean hasi zirela jakinarazten adierazi zuen eta Jaurlaritzak presoengandik jasotako gradu aldaketa eskaerak banan-banan aztertzen dituela zehaztu, irizpide zientifiko-tekniko batzuen arabera.
Jaurlaritzak iazko urrian hartu zuen bere gain espetxeak kudeatzeko eskumena, eta, harrezkero 150 presori gradua aldatzea onartua bazuen ere, motibazio politikoko presorik ez zegoen horien artean. Beraz, lehenak dira orain hirugarren gradura igaroko direnak. AVT biktimen elkarteak, Auzitegi Nazionaleko fiskaltzara joko duela iragarri zuen, gradu progresio horiek aztertzeko. Azken asteetan, Auzitegi Nazionalak hirugarren graduan zeuden hiru preso itzularazi ditu kartzelara, fiskalaren eskaera aintzat hartuta.