Ruper Ordorikaren 'Hautsi da anphora' diskoa eta bira, 42 urte geroago

Jon Irizar Aranguren 2022ko mar. 2a, 12:48

Ruper Ordorika, Elgetako Espaloian. (Argazkia: Goiena)

Musikari oñatiarraren Hautsi da anphora lehen diskoa agertokietan ikusteko aukera egongo da berriz, Loraldia Kultur Elkarteak antolatutako bira batean. Sei kontzertu eskainiko ditu Ruper Ordorikak martxoan –bakarra ere ez bailaran–, eta Bernardo Atxaga eta Mugalaris ere igoko dira oholtzara.

Batzuetan jartzen naiz etxetik begira, begiak jausten zaizkit leihotik behera. Lurrean salto eginez kanikak bailira, gaua etorri arte dibertitzen dira hitzak ezagun egin ziren 80. hamarkadaren hasieran euskal musikagintzan. Geroztik, Euskal Herriko hamaika txokotan entzun da Zenbait bertso xelebre abestiaren lehen bertsoa. Baita Ruper Ordorikaren lehen lana izan zen Hautsi da anphora diskoaren beste hainbat melodia eta errepikapen ere.

40. urteurrenean Loraldia Kultur Elkarteak Bilboko Loraldia festibalaren baitan ekitaldi berezi bat antolatzeko asmoa zuen, diskoak "ekarri zuen berritzeko eta apurtzeko espirituak" biziberritzeko; orduan, baina, pandemiak eten zuen bidea. Bi urte geroago berreskuratuko da 2020rako aurreikusitakoa.

Atxaga eta Mugalaris

Oñatiarra, baina, ez da izango biziberritze honen protagonista bakarra. Hitzen egile izan zen Bernardo Atxagak lagunduko du agertokian, baita Mugalaris bandak ere; hots, Bixente Martinezek (gitarra eta mandolina), Arkaitz Minerrek (gitarra, mandolina eta biolina), Fernando Lutxo Neirak (baxua eta kontrabaxua) eta Hasier Oleagak (bateria). 

Sei kontzertuko bira

Loraldia Kultur Elkartea arduratuko da kontzertuen ekoizpenaz, eta Elkar diskoetxea, berriz, diskoa berriz argitaratzeaz –Xoxoa diskoetxeak ekoitzi zuen 1980an–. Kontzertu sortak Euskal Herriko txoko desberdinak bisitatuko ditu; ez, ordea, Debagoiena.

  • Martxoak 6, domeka (17:00): Senpere, Larreko Antzokia
  • Martxoak 10, eguena (19:30): Iruñea, Gayarre Antzokia
  • Martxoak 11, egubakoitza (20:00): Bilbo, Euskalduna Jauregia
  • Martxoak 20, domeka (19:00): Eibar, Coliseo Antzokia
  • Martxoak 25, egubakoitza (19:30): Gasteiz, Principal Antzokia
  • Martxoak 27, domeka (19:30): Orereta, Lekuona udal kultura fabrika

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak