Erritmo handiarekin hasi dute partidu Aloña Mendik eta Eibarrek. Aukera politak sortu dituzte eibartarrek lehenengo minutuetan baina Aloña Mendiko atzelariak eta Danel Niggmeyer atezaina ederto ibili dira baloiak gelditzen.
Eibar, aurretik
Eibarrek lortu du markagailuan aurretik jartzea. 15. minutuan, ezker hegaletik egindako jokaldian Oier Peraltak sareetan sartu du baloia. Eibartarrek indarra hartu dute golarekin, eta bigarrena egiteko aukera ere izan dute 24. minutuan. Hala ere, atezainak erantzun bikaina eman dio aurrelarian jaurtiketari.
Aloña Mendik gogor borrokatu du eta ez du amorerik eman; modu horretan, 26. minutuan, Gaizka Zelaiak ateratako kornerrean banako berdinketa egin du Gorka Irizarrek.
Bigarren zatia
Bigarren zatian ere jokoaren dinamika berdintsua izan da. Eibarrek izan du baloiaren kontrola eta aukera batzuk sortu dituen arren Aloña Mendiko atezainak ezin hobeto geratu ditu guztiak.
Etxeko jokalariek kontraerasoak aprobetxatu dituzte Eibarreri min egiteko. 68. minutuan, Gaizka Zelaiak egindako jaurtiketak Oihan Aranaren ateko zutoina jo du.
Puntu garrantzitsua
"Bagenekien ligako talde indartsuenetariko bat zetorrela, eta egindako lanaren ondorioz puntu baliotsua eskuratu dugu", azaldu du partidu amaieran Gorka Irizar jokalariak.
Eider Egaña: Iberdrola ligan debuta egin duen lehen emakume oñatiarra
Partidu hasieran omenaldi xumea egin diote Eider Egaña futbol jokalariari. 2021eko ekainean Iberdrola ligan debuta egin zuen Eibar taldearekin. Lehen mailan jokatu duen lehen emakume oñatiarra izateagatik omendu du Aloña Mendik Egaña. Oroigarria eta Aloña Mendiko kamiseta jaso ditu, eta gainera ohorezko sakea egin du. Egaña pozik zegoen omenaldiarekin: "Lehenengo urratsak Aloña Mendik egin nituen; hemen ikasi nituen balioak".