Ados pilota elkarteak antolatutako Eusko Label binakako txapelketako lehen mailako finalera iritsi dira Uxue Oses Egaña eta Maddalen Etxegarai Zelaia pilotari oñatiarrak, eta amen abizenekin agertzen dira final handiko kartelean, txapelketa horretan hala erabiltzea erabaki zutelako.
Txapelketa nagusian, biek ala biek garaipena eskuratu zuten aurreko egubakoitzean Oñatiko Zubikoa kiroldegian jokatutako neurketetan. Eta astean zehar, beti bezala, elkarrekin entrenatzen jardun ondoren, domekan elkarren aurka aritu beharko dute, Azkoitian.
Finala, domekan
Elkarren kontra jokatuko dute oñatiarrek, baina biek aitortu dute pozik daudela batak bestearen aurka jokatuko dutelako, arerio gogortzat duelako batak bestea eta biek lortu dutelako bertan egon ahal izatea.
Txapelketako partidu guztiak irabazita heldu da finalera Egaña, Iera Agirre Iturriagarekin bikote dela, eta harekin jokatuko du finala ere: "Orain finala ira-baztea falta, baina edozer gerta daiteke domekan, aurkari gogorrak izango ditugu aurrean eta". Zelaiak, berriz, Olatz Ruiz de Larrinaga Lopezekin jokatuko du. Bikote horrek txapelketako partidu guztiak irabazi ditu, bat ezik: "Biok genuen ilusioa finalera iristeko. Bikote moduan heltzea ederra izango litzateke, baina elkarren kontra jokatzeagatik ere, pozik", azaldu du oñatiarrak.
Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatuko da Eusko Label txapelketako finala domekan, 12:00etan, eta Oñatira ekarriko du txapela batak edo besteak.