European Master Athletics-ek antolatutako EMACI 2022 txapelketa jokatzen ari da egunotan Bragan, Portugalen. Pista estaliko txapelketa da oinarrian, baina astebeteko egutegi itoaren lehen egunean krosean lehiatzeko aukera izan zuten partaideek. Genero eta adinez bereizitako sei lasterketa jokatu ziren.
Goizeko 9:30ean ekin zioten lanari 55 urtetik gorako emakumeek, eta partaideen artean zen Marisol Ramos oñatiarra. Hirugarren postuan helmugaratu zen arren, lehena izan zen 60 urtetik gorako kategorian; ondorioz, urrezko domina lortu zuen. Europako txapeldun berriak 29:01ean osatu zituen 8 kilometroak, Irene Clements irlandarrak baino 22 segundo eta Helena Mourão portugaldarrak baino 3 minutu eta 57 segundo azkarrago.
Beste bi lasterketa
Domekakoa ez da izango, baina, Ramos irteera puntuan izango den lasterketa bakarra. Eguenean 3.000 metroko proban hartuko du parte –parte-hartzaileen artean, hirugarren denbora onena du–, eta zapatuan, aldiz, 1.500 metrori aurre egiteko irtengo da tartanera –lasterkarien artean laugarren denbora azkarrena du–. Biak ala biak pista estaliko lasterketak izango dira.