Errekonozimendua jaso dute odola askotan eman duten oñatiarrek

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko ots. 19a, 12:16

Odol Emaileen Elkartearen esker oneko ekitaldian, egubakoitzean.

Odola 100 aldiz eman duten bi oñatiar zeuden atzo iluntzean Mondragon Unibertsitateko fakultatean egin zen esker oneko ekitaldian. 75, 50, 40 eta 25 aldiz eman dutenek ere jaso zuten esker oneko oroigarria.

2020an odola 25, 40, 50, 75 edo 100 aldiz emanda zuten oñatiarrek esker oneko ekitaldia izan zuten atzo Odol Emaileen Elkartearen eskutik. Mondragon Unibertsitatean egin zuten, otsaileko odol ateratzeren egunean, eta diplomak zein oroigarriak jaso zituzten. 22 zeuden deituta ekitaldian parte hartzera: 100 aldiz eman duten bi, 75eko bat, 50 aldiz emandako lau, 40 aldiz emandako bi eta 25 aldiz emandako hamahiru emaile. Ekitaldira hamasei joan ziren.

Jon Aizpeurrutia, adibidez, sudurretik odola askotan ematen zuelako egin zen emaile, mediku batek aholkatuta. "Ez dakit odola ematen dudalako den edo ez, baina egia da egun ez dudala sudurretik odolik botatzen. Lehen, berriz, askotan. Urtean lautan eman izan dut. Nahiko konstantea izan naiz bai. 2020an heldu nintzen 100 emate egitera baina ordutik hona jarraitu dut eta honez gero 104 edo 105 aldiz eman dut. Hainbat aldiz Bergaran ere eman izan dut odola, Oñatin egubakoitzetan izaten delako eta futbolean nenbilen garaian egun txarra zelako hori niretako. Inoiz ez dut ubeldurik edo bestelako arazorik izan".

Olatz Zabaleta unibertsitatean ikasten ari zela joan zen lehen aldiz odola ematera. "Ordura arte odol analisiak ere inoiz egin gabe nituen. Horrelaxe hasi nintzen eta jarraitu egin dut. Ez dut beti egutegia jarraitu baina saiatu naiz ahal dudan guztietan ematen. Lagun batzuk ere egin dira emaile nik animatuta". Odola 25 aldiz eman duelako jaso zuen diploma egubakoitzeko esker oneko ekitaldian.

Pandemia aurretik Eibarren egiten zen ekitaldira joaten ziren Oñatitik, baina egoerak horrelako ospakizunak herrietan egitea behartu zuen eta horrela, Oñatin egin dituzte azken biak. Atzokoan, 2020ko emaileak saritu zituzten. Oñatiko odol ateratzea antolatzeaz arduratzen direnak odola emateak duen garrantzia azpimarratu zuten eta emaile egitea animatu herritarrak. "Odola ematean, odola ez ezik plaketak eta plasma ere aprobetxatzen dira. Oso beharrezkoa da odola", zioen Pili Irazabalek.

Egoerak aldatu duen beste pare bat ohitura da hemendik aurrera herri bakoitzak emaile kopuru jakin bat hartuko duela odol ateratze egun bakoitzean –Oñatik 52–, eta joan gura duenak aurrez deitu beharko du ordua hartzeko. Bi ohitura horiek geratzeko gelditu dira.

Martxoko odol ematea martxoaren 18an izango da.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak