Hamargarren urtez kaleratuko dituzte aurten Oñatiko Inauteriak. Datorren zapatuko egun handiaren aurretik, baina, bihar, zapatua, entsegu orokorra egiteko elkartuko dira parte-hartzaileak.
Hilaren 26an eta goizez bakarrik aterako dira aurten kalera, Oñatiko inauterietako parte-hartzaileak. Eltzian hasiko dira 10:30ean eta gutxi gorabehera ibilbide hau jarraituko dute: San Lorentzo eta Bidebarrieta gurutzatuko dute lehenengo, gero Lazarraga kaleko parkera joango dira, handik Santa Marinara, Kale Zaharrera, eta Foruen Enparantza igaro ostean, Kale Berritik gora egingo dute, Atzeko Kalen ere egingo dute dantza eta amaiera ekitaldia Foruen Enparantzan izango da, 14:00ak inguruan. Dantza errepertorio guztia egingo dute bertan eta kondea eta kondesa herritik bidaltzen bukatuko dute, ohi moduan.
Inauteri txikia
Aurretik baina, Eguen Gizen egunez, hilaren 24an, aurten bigarrenez irtengo dira kalera dantzara herriko ikastetxe guztietako LH-ko 5. eta 6. mailetako ikasleak. 15:00etan Irunberri plazan ekingo diote ospakizunari eta kalez kale ibiliko dira horiek ere: Foruen Enparantzaruntz joango dira handik, Kale Barria igaro eta Atzeko Kaletik, Foruen Enparantzara itzuliko dira 16:00ak alderako. Han egingo dute amaiera ekitaldia, bi abesti dantzatuz, eta horiek ere herritik bidaliko dituzte bertan izango diren kondea eta kondesa.