"Tentsio handiko partidua" iragarri du zapaturako Aitor Ugartek, Mekalki Aloña Mendiko entrenatzaileak. Izan ere, liga erregularra lehen lau postuetako batean amaitu eta Lehenengo Mailarako igoera faserako sailkatzea dute jokoan oñatiarrek, baina baita Zubikoara datorren Sallekok ere. Are gehiago, garaipen bakarreko aldea dago bi taldeen artean, eta kanpokoek irabaziko balute, puntu aldea ere alde izango lukete, gainera.
"Dena ematera etorriko dira. Talde gogorra dira, beteranoak. Barruan oso joko gogorra egiten dute; ez dira oso azkarrak, baina badakite jokatzen, eta irabazteko zer egin behar den ere bai", zioen Ugartek.
Sallekori irabazteaz gain, La Salle bigarren sailkatuaren kantxan Zarautzek galtzea behar du Mekalki Aloña Mendik.
Zaleei deia
18:00etan hasiko da norgehiagoka. Zubikoako harmailak zalez atonduta nahi lituzke gorrien entrenatzaileak: "Joan daitezela taldea animatzera, beharra edukiko dugu eta".