Lehen aldiaren xarma, eta zerbait gehiago

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko ots. 18a, 12:43

Lasterketako irteera; Sologaistoa, erdian, praketatik kaskora, beltzez.

Unax Sologaistoa aurreko asteburuan lehiatu zen lehen aldiz mendiko eskiekin, Candanchun, Causiat Extreme lasterketan. 16 urtez azpiko kategorian beretzat izan zen garaipena, eta 55 parte-hartzaileen artean hamahirugarren izan zen, gainera.

Mendi eskiko Causiat Extreme lasterketaren bederatzigarren edizioa jokatu zen aurreko zapatuan Candanchun, eta hainbat oñatiarrek parte hartu zuten bertan. Eguraldi ona lagun, eski goiz ederraz gozatzeko aukera izan zuten parte-hartzaileek. Hiru ibilbide zituen lasterketak, kategorien arabera, eta hirugarrenean hartu zuen parte Unax Sologaistoa 13 urteko oñatiarrak: "Mila metroko desnibela zuen".

Sologaistoarentzat ez zen beste edozein mendi eski egun otsailaren 12 hartakoa, lehen aldia baitzuen lehiatzen: "Txikitatik eskiatu dut, eta 9 urte ingururekin probatu nuen mendiko eskia. Aitarekin eta osabarekin hasi nintzen. Eta iaz hasi nintzaion denbora gehiago eskaintzen".

Etxekotzat du berak Asier Alonso –osaba–, amonak zaindu zuen-eta hura txikitan. Ez da ispilu txarra kirol arloan pausoak ematen joan nahi izatekotan, aholku eta azalpenik, laguntzarik, ez zaio faltako. "Txikitatik joan izan gara bera animatzera", dio; oraingoan, elkarrekin lehiatu dira, lasterketa berean, Candanchuko proban baitzen Alonso ere –ibilbide nagusian; seigarren amaitu zuen–.

Iazko negua, mugarri

Aurreko neguan Oñatiko mendietan ere nahikoa elur egun izan zenez, aukera izan zuen Sologaistoak, urrutira joan gabe, behin baino gehiagotan eskiekin jarduteko. Eta aurten, beste urrats bat: "Lehia probatzea gura nuen, lasterketa asko ikusitakoa naiz-eta. Eta oso ondo joan zen. Atze xamarrean hasi nintzen, baina jaisten-eta asko gozatu nuen, eta buelta eman nion. Eta lehenengo amaituta, are gusturago". Bi lagun baino ez ziren lehiatu 16 urtez azpiko kategorian –ia bi orduko lasterketan, hiru minutu atera zizkion Sologaistoak bigarrenari–, baina euren ibilbide bera egin zuten kategoria askotako 55 eskiatzaileen artean hamahirugarren amaitu zuen; ez da marka txarra –etxeko lehia partikularra ere irabazi zuen, bestalde, aitak baino zortzi minutu lehenago amaitu baitzuen proba–.

Futbolean ere badihardu, eta, gainerakoan, mendia maite du: eskalatzea, eskia... Eskiekin jarraitzekotan da.

Hainbat oñatiar, Sologaistoaz gain

Sologaistoaren lasterketakoak bigarren ibilbideko partehartzaileekin batera atera ziren –haiek ibilbide luzeagoa zuten gero–, eta, ondorioz, ez zen erraza sailkapenean bat non zihoan jakitea: "Ez nuen uste hain aurrean nindoanik".

Beste hainbat oñatiarrek ere hartu zuten parte Causiat Extreme lasterketan, eta banakaren bat sariarekin itzuli ere bai. Jon Martonek bigarren egin zuen senior herrikoietan, eta Sara Arregik hirugarren, 20 urtez azpikoetan; anaia Haritzek, berriz, laugarren amaitu zuen 18 urtez azpikoetan –baita hirugarren ibilbideko orokorrean ere–.

Debagoiendarrei dagokienez, Aitor Ugarte aramaioarra izan zen onena bigarren ibilbidean –20 urtez azpikoetan ere nagusi, beraz–, eta Leire Ezpeleta arrasatearrak hirugarren egin zuen senior nesketan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak