Bigarren zatiko defentsari esker irabazi du Fagor Professionalek

Mireia Bikuña 2022ko ots. 12a, 20:53
Eric Ugarte, baloia jaurtitzen.

Elgoibarren zortzi gol bakarrik sartu ditu bigarrenean, eta ez da gai izan lehenengo zatian lortutako bost goleko abantaila mantentzeko. Azkenean, etxekoak nagusi, 25-22.

Akaso, igoera faseko kontrario zailena da Elgoibarko taldea. Teknikoki eta fisikoki talde indartsua. Lehenengo bi postuetan bukatu ahal izateko, arerio zuzena oñatiarrendako. Sailkapenean ere parekatuta heldu dira gaurko norgehiagokara, eta parekotasun hori begibistakoa izan da kantxan.

Lehen minutu parekatuen ostean, Elgoibarrek hankaz gora ipini du lehia, bost goleko abantaila hartu duenean: 22. minutuan, 6-11 aurreratu da. Oñatiarrak ia bost minutu egon dira golik sartu barik. Azken bost minutuetan, haginak estutu ditu Fagor Professionalek, eta bi golera hurbildu da (11-13), eta partidua irekita geratu da bigarren zatirako.

"Bost goleko abantaila hartu dutenean ez gara urduri ipini. Taldea ondo kokatuta zegoen kantxan, eta defentsan pare bat gauza zuzendu behar izan ditugu bigarren zatirako bizirik egoteko", esan du Aitor Biain entrenatzaileak.

Bigarrenean, defentsa sendoa

Zuzenketa horiek eginda, Fagor Professionalek erakustaldia egin du atzeko lerroan. Sendo. Hutsunerik utzi barik. Jokalariak elkarri lagunduz. Eta sendotasun horrek eman ditu fruituak 15-15eko berdinketa lortu dute etxekoek 38. minutuan.

Berdinketa horrek partiduaren ezaugarriak aldatu ditu. Elgoibar urduri ipini da, eta etxekoek, geroz eta erosoago jokatu dute. Atzeko sendotasuna baliatu dute, baloia azkar mugitu eta erasoan golak sartzeko.

18-17 aurreratu dira etxekoak 49. minutuan.  Baina ez da nahikoa izan. 54. minutura arte berdinketa itzuli da markagailura. Ez Elgoibar ezta Fagor Industrial ere ez dira gai izan lehia erabakita uzteko.

Bada, une erabakigarrian, oñatiarrek lortu dute bi goleko errenta (23-21) 57. minutuan. Hortxe bukatu da partidua.

"Gure autoestimarako garaipen oso inportantea da. Urrezko puntuak dira. Eta, igoera faseko une honetara heldura, jarrai dezagun amesten. Borrokan jarraituko dugu lehen bi postuetan bukatzeko", kontatu du Biainek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak