Julen Carr: "Helburua jarrita dugu eta bide onetik goaz"

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko ots. 10a, 17:24

Julen Carr, Ingou Coinbroker Aloña Mendi areto futboleko kapitaina.

Sasoiko dago Ingou Coinbroker Aloña Mendi areto futbol taldea eta lehen postuetan jarraitzeko helburuarekin aterako dira jokalariak Zubikoako kantxa berdera zapatuan.

Lehen lau postuen barruan dabil azken jardunaldietan Ingou Coinbroker Aloña Mendi areto futbol taldea. Hiru partidu baino ez ditu galdu denboraldi honetan, eta garaipena lortzen saiatuko da asteburuan ere. Zubikoan dute partidua, zapatuan, 16:00etan, Donostiako Makax taldearen aurka.

Azken jardunaldia galdu egin zenuten, baina sasoi onean dago taldea, ezta?

Bai. Denboraldi hasieran jarritako helburuak buruan ditugula ari gara jokatzen eta bide onetik goazela uste dut; ea lortzen ditugun.

Zein da jarritako helburua?

Mailaz igotzea. Gauden tokian mantentzea ere ez da emaitza txarra izango, baina helburua lehen mailara igotzea da.

Pandemia aurretik jokatzen hasi eta denbora batez geldi egonda, ez dituzue aurkariak ere ondo ezagutuko, ezta? Desabantaila da hori?

Jokalari batzuk gazte mailan jokatzen genuenetik ezagutzen ditugu baina asko berriak dira eta lehen itzulia horretarako baliagarria izan da, taldeak ezagutzeko eta bakoitzak duen jokoaren ezaugarriak zeintzuk diren ikusteko.

Zeintzuk dira zuenak? Zertan zarete indartsuak eta zer duzue hobetu beharra?

Esango nuke nahiko talde osatua dela gurea eta ez dugula puntu ahul edo indartsu konkreturik. Batzuetan gertatzen da aurrean dena ondo ateratzea eta beste batzuetan ez, baina ez horretan hobeak edo okerragoak garelako. Azken partiduan, adibidez, argi dago atzealdean makal ibili ginelako galdu genuela, baina ez da beti gertatzen den zerbait.

Zertan dira lesio kontuak?

Zorte ona izan dugu gai horretan orain arte. Egia da lesioak izan ditugula, neu ere egon naiz geldi aste batzuetan, baina ez dira lesio handiak edo luzeak izan, eta orain arte ez dugu lesioengatik bajarik izan taldean.

Donostiako Makax taldearen aurka jokatuko duzue zapatu arratsaldean Zubikoan. Nolako taldea da?

Lehen itzulian euren kontra Donostian jokatu genuenean lehen postuan zeuden, liderrak ziren. Errespetu handiarekin joan ginen hara, urduri. Ondo jokatu genuen eta irabazi egin genuen partidu hura –2 eta 8– , baina talde ona dela iruditu zitzaigun. Ez ditu emaitza txarrak lortu eta ikusteko dago zer gertatuko den.

Etxeko zaleen animoak laguntzen dute partidua irabazten?

Oso lagungarriak dira, benetan. Zubikoan beti egoten da jendea. Eskubaloiko eta saskibaloiko partiduak daudenean ere zale asko joaten da ikustera. Guk igarri dugu aldaketa bat hasieratik hona. Denboraldi hasieran gertuko jendea joaten zen, beste hainbat ere bai, baina gehienak ezagunak ziren, jokalarien gertukoak. Azkenaldian, aldiz, jende gehiago ikusten dugu harmailetan eta hori oso pozgarria da guretako. Euren babesak indar handia ematen digu. Asko eskertzen da.

Aurtengo denboraldian, gainera, infantil mailako bi talde sortu dira. Pozgarria izango da, ezta?

Oso. Gaztetxoak areto futbolean jokatu gura dutela ikustea pozgarria da, bai. Ez du beste kirol batzuk duten jarraitzaile kopuru bera, baina etorkizuna badagoela dirudi.

Euren erreferente izango zarete zuek.

Horrela izango da agian, bai. Normalean goiko taldeak hartzen dituzte erreferente edo eredu azpikoek, eta kasu honetan gurea da areto futboleko Aloña Mendiko talde gorena. Beraien entrenamenduak geuk zuzentzen ditugu eta badugu lotura eurekin.

Zapatukoa, beraz, nolako partidua izango da?

Joko ona egitera aterako gara, eta emaitza ona lortzera. Ea horrela den.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak