Hainbat estilotako musika izango da otsailean gaztetxean. Lehenengo kontzertuak egubakoitzean, hilak 11, izango dira, eta rocka eskainiko duen Pleura eta Uharte Arakilgo Mendikoa taldeak igoko dira agertoki gainera, 22:00etan hasita.
Hurrengo egunean, hilaren 12an, Oñatiko taldekideak dituen Keia eta Ginger igoko dira oholtzara, 22:00etan hasita. "Keia taldearen lehenengo kontzertua izango da hau, eta Zarauzko Gingerrek ere joko du. Berezia izango da kontzertua; izan ere, 2013ko urtarrilaren 4an, Mor More eta Arrutiko Intxaurrak izan ziren Antixena gaztetxeko lehen kontzertuan, eta, bederatzi urte geroago, bi taldeetako partaideak proiektu berriekin bueltatuko dira", adierazi dute antolatzaileek.
Hilaren 19an, berriz, Errotxapeako gaztetxearen aldeko jaia egingo dute, 20:30ean hasita. Bertan izango dira Nare taldea, aurretik bertan behera gelditu zen Yogurinha Borova artistaren emanaldia, eta, estreinakoz, Malakias DJa ere izango da.