Aita Mari itsasontziak jasotzen dituen errefuxiatuendako motxilak prestatzen jarraitzen du Hotz Oñatik. "Bustita egoten dira gehienetan, aldatzeko arroparik ez dute izaten, eta horretarako dira motxila hauek. Kamiseta, prakak, galtzerdiak eta barruko arropa sartzen dizkiegu, Natrak emandako txokolate pieza batekin batera. Aldatzeko arropa lehorra, behintzat, izan dezaten".
Gutxi gorabehera, hamabost euroko kostua izaten du horrelako erreskate motxila batek, eta dirua batzeko sentsibilizazio kanpaina jarri zuten martxan abenduan; martxora arte iraungo du horrek. Salbamendurako flotagailu baten irudia duten herriko hainbat komertzio eta negoziotan kanpainaren parte diren eskumuturreko horiak dituzte. Horiek, berez, ez daude salgai, baina bost euroko ekarpena egin daiteke toki horietan Hotz Oñatiren motxilen ekimen horretarako. Eskerrak eman gura dizkie, gainera, elkarte horrek kanpaina honetan lagundu duten herriko establezimendu zein biztanle guztiei.
Zapatuan, plazan
Zapatua, otsailak 12, hileroko postua jarriko du Hotz Oñatik plazan goizean. Han jasotako dirua ere elkartasun proiektu horretarako izango da.