Azken fasean sartuta, irabaztea da helburua

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko ots. 4a, 14:25

Mekalki Aloña Mendi taldeko Jon Beitia jokalaria baloia eskuetan duela. (Argazkia: ALOÑA MENDI)

Ligako lehen fasea bukatzeko hiru partiduren faltan, sasoi onean dago Mekalki Aloña Mendi taldea, azkenak irabazita, baina badaki hurrengo norgehiagokak oso garrantzitsuak izango direla, eta serio hartzea eta irabaztea dira taldearen asmoak. 

Hiru partidu baino ez zaizkio gelditzen Aloña Mendiko saskibaloiko talde gonenari ligako lehen fasea amaitzeko. Aste honetakoa eta azkena etxean jokatuko ditu, eta, bolada onak jarraitzen badu, igoera fasea jokatzeko moduan egon daiteke Mekalki Aloña Mendi. Bihar, zapatua, Gasteizko taldearen aurka jokatuko du, 18:00etan, Zubikoako kantxa berdean.

Sasoirik onenean

Denboraldiko sasoirik onenean dago taldea. Lehen bost partiduetatik lehena baino ez zuen irabazi, baina egun, orain arteko denak jokatuta, sei irabazi eta bost galdu ditu. Azkena, gainera, puntu kopuru bera zuen aurkari zuzenaren kontra, Zarautz; 22 puntuko aldearekin irabazi zuen. Aste honetako aurkaria Gasteizko San Prudencio taldea da, talde gogorra. Partidu bakarra galdu du denboraldi honetan, eta ez zen izan oñatiarren aurka jokatutakoa. "Oso talde indartsua da, bai. Baina duela hiru bat urte galdu egin genuen Gasteizen eta gero irabazi Oñatin; beraz, errepikatu egin daiteke", dio, barre txikiarekin, taldearen entrenatzaileak, Aitor Ugartek.

Partidu garrantzitsuak

Hasieratik kontzentratuta jokatzeko eskatuko die jokalariei Ugartek. "Multzo bakoitzeko lehen lau taldeek jokatuko dute igoera fasea eta beste laurek jaitsierakoa. Azken denboraldian gauzatu ziren igoerak, baina inor ez zen jaitsi, eta horrek esan gura du aurten normalean baino talde gehiago jaitsiko direla, hurrengo denboraldiko ligan multzoen talde kopuruak neurrikoak izan daitezen. Beraz, lehia handia egongo da hurrengo partiduetan. Kontuan hartuta, gainera, orain arte jokatutakoetan lortutako emaitzak aintzat hartzen dituztela. Horrela, bada, biharko aurkaria talde gogorra izateaz gain, irabaztea izango da euren asmoa. Baita gurea ere. Hurrengo hiru partiduak oso serioak izango dira eta ondo ibili behar dugu. Gero etorriko da bigarren fasea eta beste gauza bat izango da hori, baina orain, hiru partidu hauek irabazten ahalegindu behar dugu".

Gaur, egubakoitza, dute asteko azken entrenamendu saioa eta bihar arratsaldean izango da partidua; 18:00etan, Zubikoako kantxa berdean.

Gainerakoak ere ondo

Bigarren mailan lehiatzen den taldeak ez ezik, saskibaloiko beste taldeek ere emaitza onak lortu zituzten joan den asteburuan. Irabazi egin zuten, adibidez, hirugarren mailan dabilen taldeak eta baita junior mailako talde biek ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak