Pello zabalaren hiletan
Bi mila eta hogeita biko
bigarren hilaren bian,
natura lotan zetzan garaian
sartu haiz heu loaldian,
eginbeharrak egin samarrak
hituelako agian;
izarrak deika heuzkaan eta
berehalaxe haiz hi han,
maite joanez inguraturik,
goi-zabaltasun handian.
Hire izaerak urtzen zitian
gizadi eta izadi,
txoriei eta hegaztiei so,
beti erne, beti adi.
Udaberria bazetorrean,
baina heu lehenago jalgi;
fede handiko gizona hintzen,
nonbait zerutik badadi,
hola hegaka eta bertatik
egiguk berriro argi.
Keinu bakarrak esan nahiko dik
jada bertan, hagoela,
eta hogeita bik "Jokin Altunak
jantzik dik beste txapela!";
zazpik, ostera, gure herrira
askatasuna heldu dela;
Pello, gu zaintzen jarraitu ezak
orain artean bezela,
nik zin dagiat bizi gareno
gugan biziko haizela.
Xabier Euzkitze